Romandiako Tourra 2024
Carapaz nagusitu da Romandiako Tourreko laugarren etapan eta Carlos Rodriguezek jantzi du liderraren elastikoa
EITB Media
Richard Carapazek bereganatu du garaipena lasterketako etapa nagusian. Lipowitz izan da bigarren, segundo bakarrera, eta Carlos Rodriguez hirugarren, hamarrera. Ondorioz, Rodriguez da orain lider.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Richard Carapazek (EF Education Easy Post) irabazi du 2024ko Romandiako Tourreko laugarren etapa, eta Carlos Rodriguez (INEOS Grenadiers) jarri da lider.
Txirrindulariek Saillon eta Leysin arteko 151,7 kilometroko ibilbideari egin diote aurre. Hasieratik izan dira ihesaldi saiakerak, eta kosta egin da eguneko ihesaldi ona sortzea. Hala ere, sei txirrindularik lortu dute tropeletik alde egitea: Josef Cerny (Soudal Quick-Step), Raul Garcia Pierna (Arkea-B&B Hotels), Clement Berthet (Decathlon AG2R La Mondiale), Bart Lemmen (Visma-Lease a Bike), Juri Hollmann (Alpecin-Deceuninck) eta Nelson Oliveira (Movistar) ziklistek osatu dute ihesaldiko taldea.
Seikoteak bidea egin du. Ovronnaz mendatearen igoeran, ihesaldiko taldea zatitu egin da, eta jaitsieran berriz elkartu dira. Kilometro batzuk pasata, aldiz, seikotea laukote bihurtu da, Cernyk eta Hollmannek ezin izan baitiote ihesaldiko kideen erritmoari eutsi. Gero, Les Rives 2. mailako mendatean, Lemmenek eta Berthetek egin dute aurrera, baina igoerako azken txanpan Berthet bakarrik geratu da lasterketaren buruan.
Tropelean, Carlos Rodriguez sailkapen nagusiko laugarrena taldeburu duen INEOS Grenadiersek erritmoa bizitu du, eta helmugarako 5,5 kilometro falta zirenean harrapatu dute Berthet. Jarraian, Egan Bernalek (INEOS Grenadiers) jo du erasoa, eta tropela txikitu du. Ondoren, Richard Carapazek jo du, eta harekin batera irten dira Florian Lipowitz (BORA-hansgrohe) eta Carlos Rodriguez. Eraso horien eraginez, Juan Ayuso (UAE Emirates) liderra atzean geratu da. Gero, Carapaz jarri da lasterketaren buruan, erritmoa bizituta. Atzetik atera dira Lipowitz eta Carlos Rodriguez.
Azken metroetan, Lipowitzek atzean utzi du Rodriguez, eta Carapaz harrapatzetik gertu egon den arren, ekuadortarrak bereganatu du garaipena. Lipowitz bigarren izan da, segundo bakarrera, eta Carlos Rodriguez hirugarren, hamarrera. Enric Mas (Movistar) eta Alksandr Vlasov (BORA-hansgrohe) laugarren eta bosgarren izan dira hurrenez hurren, 14 segundora. Bosgarren amaitu du Egan Bernalek (INEOS Grenadiers), 27 segundora, eta Ilan van Wilder (Soudal Quick-Step) seigarren, 31ra. Juan Ayusok lidertza galdu du, Rodriguezek 34 segundo atera baitizkio helmugan.
Horrela, bada, Carlos Rodriguez da orain sailkapen nagusiko liderra. Espainiarrak 7 segundora du bigarrena, Aleksandr Vlasov; 9ra hirugarrena, Lipowitz, eta 21era laugarrena, Van Wilder. Ayuso bosgarren dago, 27 segundora.
4. etapako sailkapena:
1 - CARAPAZ Richard (EF E) 4:06:03
2 - LIPOWITZ Florian (BORA) d. b.
3 - RODRIGUEZ Carlos (INEOS) +0:10
4 - MAS Enric (Movistar) +0:14
5 - VLASOV Aleksandr (BORA) d. b.
6 - BERNAL Egan (INEOS) +0:27
7 - VAN WILDER Ilan (Soudal) +0:31
8 - GEOGHEGAN HART Tao (Lidl) +0:40
9 - GAUDU David (Groupama) +0:41
10 - RODRIGUEZ Cristian (Arkea) +0:44
Sailkapen nagusia:
1 - RODRIGUEZ Carlos (INEOS) 12:22:46
2 - VLASOV Aleksandr (BORA) +0:07
3 - LIPOWITZ Florian (BORA) +0:09
4 - VAN WILDER Ilan (Soudal) +0:21
5 - AYUSO Juan (UAE) +0:27
6 - MAS Enric (Movistar) +0:38
7 - CARAPAZ Richard (EF E) +0:49
8 - MARTINEZ Lenny (Groupama) +0:52
9 - GEOGHEGAN HART Tao (Lidl) +1:02
10 - BERNAL Egan (INEOS) +1:23