Itzulian, erorikoa izan zuen
Vingegaard bizikletara igo da berriro: "Neure onena emango dut, Tourrean sasoi betean izateko"
EITB MEDIA
Visma Lease a Bike taldeko txirrindulari danimarkarrak, 2022ko eta 2023ko Frantzoako Tourreko irabazlea bera, eroriko larria izan zuen Euskal Herriko Itzulian, apirilaren 4an; asteartean, hilabete eta hiru egunen buruan, iragarri du ez duela baztertzen 2024ko Tourrean lehiatzea.
Visma Lease a Bike taldeko Jonas Vingegaard txirrindulari danimarkarra bizikletara igo da berriro asteartean, maiatzaren 7an, alegia, 2024ko Euskal Herriko Itzuliko laugarren etapan eroriko larria izan zuenetik hilabete eta hiru egin joan direla; izan ere, eroriko hori apirilaren 4an izan zen. Vingegaardek berak Herbehereetako taldearen bideo batean iragarri duenez, ez du baztertzen ekainaren 29an hasiko den Frantziako Tourrean lehiatzea: "Noski, espero dut irteeran izatea, baina itxaron behar dugu, eta ikusi zer baldintzatan nabilen eta nola doan nire sendatze prozesua. Neure onena emango dut Tourrean sasoi betean izateko", ziurtatu du 2022ko eta 2023ko Tourraren irabazleak.
"Atsegina da bizikletaz normaltasunez ibiltzea. Lehenengoz, kanpoan. Bikaina da berriro etxetik kanpo entrenatu ahal izatea. Sendatze prozesuan eman beharreko hurrengo urratsak emateko irrikan nago", adierazi du Vingegaardek.
Vismako txirrindulariari, Itzulian, hainbat saihets hezur eta lepauztaia hautsi zitzaizkion, eta, horrez gain, birika kolapsoa eta hematoma izan zituen, erorikoaren ondorioz. Olaeta mendatea jaisten ari zirela jausi zen.
Jonas is back riding on his bike outside again. ¿¿
— Team Visma | Lease a Bike (@vismaleaseabike) May 7, 2024
Hear what he has to say about his recovery and the Tour de France. pic.twitter.com/Rf1d3odoeM