Itxi

Suitzako Itzulia

Skjelmose, Carapaz, Bernal, Adam Yates eta Ion Izagirre, Suitzako Itzulia irabazteko hautagaien zerrendan

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Lasterketaren 87. ekitaldia igandean hasiko da, ekainaren 9an, eta ekainaren 16an amaituko da. EITBk zuzenean emango du proba, arratsaldero, ETB1en eta eitb.eus-en.

Mattias Skjelmose, 2023ko Suitzako Itzulia irabazita, podiumean. Argazkia: EFE.

Mattias Skjelmose (Lidl-Trek), 2023ko irabazlea, Richard Carapaz (EF Education), Egan Bernal (INEOS Grenadiers), Adam Yates (UAE Emirates) eta Ion Izagirre (Cofidis) daude 2024ko Suitzako Itzulia irabazteko hautagai nagusien zerrendan. Lasterketaren 87. ekitaldia igandean hasiko da, ekainaren 9an, eta ekainaren 16an amaituko da. Suitzako Itzuliak zortzi etapa izango ditu, eta EITBk zuzenean emango ditu guztiak, arratsaldero, ETB1en eta eitb.eus-en.

Ibilbide menditsua prestatu dute antolatzaileek. Suitzan urtero gertatzen denez, txirrindulari batzuek sailkapen nagusia lehiatzea izango dute helburu nagusi, eta beste hainbat, aldiz, Frantziako Tourrera begira prestaketa erabat doitzen saiatuko dira. WorldTour mailako lasterketei erreparatuta, Suitzako Itzulia amaituta Tourra izango da hurrengoa, eta horrek proba oso xarmagarria izatea eragin du beti. Denboraldiko hitzordu nagusietakoa da, eta, ibilbidea aztertuta, txirrindulari guztiek izango dute aukera indarra erakusteko.

Esandako ziklistez gain, hauek ere egon litezke lasterketa ona egiteko lehiakideen artean: Enric Mas (Movistar), Tom Pidcock (INEOS), Joao Almeida (UAE), Aleksei Lutsenko (Astana), Sergio Higuita (BORA-Hansgrohe), Cian Uijtdebroeks (Visma - Lease a Bike) eta Lenny Martinez (Groupama). Esprintetan, berriz, ziklista hauek lehiatuko dira: Mark Cavendish (Astana), Arnaud De Lie (Lotto Dstny) eta Michael Matthews (Jayco-AlUla).

Ion Izagirre ez ezik, euskal txirrindularitzak beste bi ordezkari ere izango ditu: Oscar Rodriguez (INEOS) eta Xabier Mikel Azparren (Q36.5).

Bost etapa amaituko dira mendateren batean, eta bi erlojupeko izango dira; lehenengoa aurreneko etapan jokatuko dute, hilaren 9an, Vaduzen, bost kilometroko ibilbide batekin.

Arestian esan bezala, EITBk 2024ko Suitzako Itzuliko etapa guztiak emango ditu, zuzenean, ETB1en eta eitb.eus-en. Emanaldia 15:15ean hasiko da arratsaldero, aurreneko etapa eta ekainaren 14koa izan ezik, lehenengo etapa 16:00etan hasiko baita, Dauphine Kriteriuma amaitutakoan, eta seigarrena 14:00etan hasiko baita eitb.eus-en eta ETB4n; telebistan, ETB1en izango da ikusgai 15:15etik aurrera.

Albisteak (3)

Informazio gehiago (1)