Itxi

Paris 2024

Evenepoel, errepideko txirrindularitzako txapeldun olinpikoa

EITB Media

Leer en Castellano

Remco Evenepoelek bereganatu du urrezko domina Parisko 2024ko Olinpiar Jokoetako errepideko txirrindularitzako proban. Valentin Madouas iheskidea atzean utzi du amaierarako 15 kilometro falta zirenean, eta onena izan da helmugan. Madouas izan da bigarren eta Laporte hirugarren.

Remco Evenepoel, garaipena bereganatuta. Argazkia: EFE

Remco Evenepoel da errepideko txirrindularitzako txapeldun olinpikoa. Parisko 2024ko Olinpiar Jokoetako txirrindularitzako proban belgikarra izan da onena. Valentin Madouas izan du iheskide, baina helmugarako 15 kilometro falta zirenean atzean utzi du frantziarra, eta bera izan da lehena helmugako marra gurutzatzen. Horrela, bada, urrezko domina zintzilikatu du Evenepoelek.

Evenepoelek sustoa hartu du helmugara iristeko lau kilometro eskas falta zirenean, gurpil bat zulatu eta bizikleta aldatu behar izan baitu. Hala ere, belgikarrak abantaila nahikoa zuen ordurako, eta garaipena lortu du. Madouasek taldetxo baten mehatxua izan du atzetik, baina frantziarrak bigarren amaitu du, eta zilarrezko domina eskuratu.

Brontzezko domina Madouasen atzetik zetorren taldetik atera da. Christophe Laporte frantziarra nagusitu da taldetxoaren esprintean, eta hirugarren postua lortu du. Laporteren atzetik, hauek helmugaratu dira: Attila Valter (laugarren), Toms Skujins (bosgarren), Marco Haller (seigarren), Stefan Kung (zazpigarren), Jan Tratnik (zortzigarren) eta Matteo Jorgenson (bederatzigarren).

Euskaldunei dagokienez, Alex Aranburu 18. postuan sailkatu da, 2 minutu eta 13 segundora, eta Oier Lazkanok, 35. amaitu du, 3 minutu eta 42 segundora.

Sailkapena:

1 - EVENEPOEL Remco (Belgika) 6:19:34
2 - MADOUAS Valentin (Frantzia) +1:11
3 - LAPORTE Christophe (Frantzia) +1:16
4- VALTER Attila (Hungaria) d. b.
5 - SKUJINŠ Toms (Letonia) d. b.
6 - HALLER Marco (Austria) d. b.
7 - KÜNG Stefan (Suitza) d. b.
8 - TRATNIK Jan (Eslovenia) d. b.
9 - JORGENSON Matteo (AEB) d. b.
10 - HEALY Ben (Irlanda) +1:20