Itxi

Poloniako Tourra

Thibau Nysek berriro ere irabazi du Poloniako Tourrean, eta Jonas Vingegaardek lider jarraitzen du

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Lidl-Trek taldeko belgikarra izan da onena jardunaldiko amaiera gogorrean, Duszniki-Zdrojen, UAEko Diego UIissiren eta Vismako Wilco Keldermanen aurretik. Sailkapen nagusian, Ulissi bigarren jarri da, denbora sariagatik, Vingegaardekiko 19 segundora, eta Kelderman hirugarren dabil, 20 segundora.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Lidl-Trek taldeko Thibau Nys txirrindulari belgikarrak irabazi du 2024ko Poloniako Tourreko hirugarren etapa, Duszniki-Zdrojen, asteazkenean, eta, horrenbestez, bigarren etapa-garaipena eskuratu du lasterketako 81. ekitaldian, kontuan izanik astelehean ere nagusitu zela, aurreneko jardunaldian. Bitartean, Visma-Lease a bike taldeko Jonas Vingegaard ziklista danimarkarrak sailkapen nagusiko lider jarraitzen du; sailkapen nagusi horretan, UAEko Diego Ulissi bigarren jarri da, denbora sariagatik, Vingegaardekiko 19 segundora, eta Wilco Kelderman (Visma) hirugarren dabil, 20 segundora.

Nys gazteak, 21 urtekoa bera, berretsi du trebetasun handia duela helmuga aldapan duten lasterketetan. Bigarren etapan, erlojupekoan, indarrak gorde zituen, eta orain, ordea, irabazle sena erakutsi du, berriro. Argi eta bikain garaitu da.

Nabarmentzeko modukoa da zein ondo ibili den, hirugarren etapan, Pello Bilbao (Bahrain Victorious). Txirrindulari bizkaitarra eguneko ihesaldian izan da, eta gainera, jardunaldiko azken zatian, faboritoen multzoko buruan jarri da; Zambanini eta Mohoric taldekideak sailkapen nagusiko lehenengo tokietan ditu Bahrainek, eta gernikarraren asmoa izan da biek aurrera jotzea.

Ostegunean, 2024ko Poloniako Tourreko laugarren etapa jokatuko dute. Kudowa-Zdrojen hasi eta Prudniken amaituko da hori, eta 195,3 kilometro izango ditu, ibilbidean.

Etapako sailkapena

1 - NYS Thibau (Lidl) 4:03:21

2 - ULISSI Diego (UAE) d. b.

3 - KELDERMAN Wilco (Visma) d. b.

4 - RYAN Archie (EF Education) d. b.

5 - SHEFFIELD Magnus (INEOS) d. b.

6 - ZAMBANINI Edoardo (Bahrain) d. b.

7 - GREGOIRE Romain (Groupama) d. b.

8 - MOHORIC Matej (Bahrain) d. b.

9 - VINGEGAARD Jonas (Visma) d. b.

10 - PARET-PEINTRE Aurélien (Decathlon) d. b.

Sailkapen nagusia

1 - VINGEGAARD Jonas (Visma) 8:04:48

2 - ULISSI Diego (UAE) + 0:19

3 - KELDERMAN Wilco (Visma) + 0:20

4 - GREGOIRE Romain (Groupama) + 0:33

5 - SHEFFIELD Magnus (INEOS) + 0:37

6 - ZAMBANINI Edoardo (Bahrain) + 0:45

7 - MOHORIC Matej (Bahrain) + 0:49

8 - VOISARD Yannis (Tudor) d. b.

9 - HONORE Mikkel Frolich (EF Education) d. b.

10 - GROSSCHARTNER Felix (UAE) + 0:50

Albisteak (2)

Bideoak (2)