Itxi

Poloniako Tourra (6. etapa)

Nysek bereganatu du garaipena Poloniako Itzuliko seigarren etapan; Vingegaardek lidertzari eutsi dio

EITB Media

Leer en Castellano

Thibau Nysek irabazi du seigarren etapa, 18 txirrindularik osatutako taldeko esprintean nagusituta. Jonas Vingegaardek jarraitzen du sailkapen nagusiko lehen postuan.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Thibau Nys (Lidl-Trek) nagusitu da Poloniako Itzuliko seigarren etapan, eta Jonas Vingegaardek (Visma-Lease a Bike) jarraitzen du liderraren maillot horiarekin. Nysek hiru etapa irabazi ditu aurten Poloniako Itzulian.

Wadowice eta Bukovina Resort artean jokatu da etapa, eta 183,2 kilometroko ibilbidea izan du. Zazpi txirrindularik osatu dute eguneko ihesaldia: Silvan Dillier (Alpecin Deceuninck), Samuele Battistella (Astana Kazakhstan), Archie Ryan (EF Education-Easy Post), Tobias Foss (INEOS Grenadiers), Davide Formolo (Movistar), Mick van Dijke (Visma-Lease a Bike) eta Tim Wellens (UAE Emirates).

Zazpikoteak hainbat kilometro egin ditu batera, tropelari aurrea hartuta, baina helmugara heltzeko 17 kilometro falta zirenean Archie Ryanek jo du erasoa, eta bakarrik geratu da lasterketaren buruan. Sciana Bukowina lehen mailako mendatea lehen postuan pasatu du Ryanek; atzean, tropela hautsi egin da igoeran, eta sailkapen nagusiko lehen postuetako txirrindulariek osatutako taldetxoak egin du aurrera. Hala ere, mendatea gainditutakoan, ziklista gehiago batu zaizkie.

Tropela 30 ziklistak osatu dute, Pello Bilbao (Bahrain-Victorious) tartean, eta Archie Ryanen saiakera behera bota dute helmugarako 2,5 kilometrora.

Hiru kilometroko igoerarekin amaitu da etapa. DSM taldeak bizitu du erritmoa. Gero, Yannis Voisardek (Tudor Pro Cycling) jo du erasoa. Aurrera egin du suitzarrak, baina atzetik etorritako taldetxoak harrapatu egin du. Tropeltxo horretako kideen arteko esprintean erabaki da irabazlea, eta Thibau Nys (Lidl-Trek) izan da onena. Diego Ulissi (UAE Emirates) izan da bigarren, Oscar Onley (DSM-firmenich PostNL) hirugarren, Jonas Vingegaard laugarren eta Wilco Kelderman (Visma-Lease a Bike) bosgarren.

Sailkapen nagusiari dagokionez, Jonas Vingegaard dago lehen postuan. Liderrak 13 segundora du bigarrena, Diego Ulissi, eta 20ra hirugarrena, Wilco Kelderman.

6. etapako sailkapena:

1 - NYS Thibau (Lidl) 4:26:06
2 - ULISSI Diego (UAE) d. b.
3 - ONLEY Oscar (DSM) d. b.
4 - VINGEGAARD Jonas (Visma) d. b.
5 - KELDERMAN Wilco (Visma) d. b.
6 - BAGIOLI Andrea (Lidl) d. b.
7 - PARET-PEINTRE Aurélien (Decathlon) d. b.
8 - ZAMBANINI Edoardo (Bahrain) d. b.
9 - MOHORIC Matej (Bahrain) d. b.
10 - WANDAHL Frederik (Red Bull) d. b.

Sailkapen nagusia:

1 - VINGEGAARD Jonas (Visma) 21:22:14
2 - ULISSI Diego (UAE) +0:13
3 - KELDERMAN Wilco (Visma) +0:20
4 - GRÉGOIRE Romain (Groupama) +0:33
5 - SHEFFIELD Magnus (INEOS) +0:37
6 - MOHORIC Matej (Bahrain) +0:44
7 - ZAMBANINI Edoardo (Bahrain) d. b.
8 - HONORÉ Mikkel Frølich (EF E) +0:49
9 - VOISARD Yannis (Tudor) d. b.
10 - ONLEY Oscar (DSM) +0:53

Albisteak (4)

Bideoak (1)