Espainiako Vuelta
Marc Solerrek irabazi du Covadongako aintziretan, eta O'Connorrek maillot gorriari eutsi dio, 5 segundogatik
EITB MEDIA
UAE taldeko txirrindulari kataluniarra eguneko ihesaldiko onena izan da; ihesaldia hori helmugaraino iritsi da. Sailkapen nagusiaren lehian, Primoz Roglicek, Enric Masek eta Richard Carapazek atzean utzi dute Ben O'Connor, baina australiarrak líder jarraitzeko moduko indarra izan du.
UAE Emirates taldeko Marc Soler txirrindulari kataluniarrak irabazi du 2024ko Espainiako Vueltako hamaseigarren etapa, Covadongako aintziretan, asteartean; halaber, Decathlon AG2R taldeko Ben O'Connor ziklista australiarrak lasterketako sailkapen nagusiko liderrari dagokion maillot gorriari eutsi dio, baina, orain, Primoz Roglic Red Bull-BORAko esloveniarra bost segundora du.
Pentsatzeko modukoa zen maila handiko txirrindularitzako eguna izan zitekeela Espainiako Vueltan, eta txirrindulariek egindako lanak erabat bete du aurreikuspena. Azken igoera, Covadongako aintziretakoa, ikusgarria izan da, eta oso bizia izan da. Aurretik, Marc Solerrek ahalegin handia egin behar izan du Filippo Zana (Jayco) eta Max Poole (DSM) aurreratzeko; ematen zuen, igoeraren hasieran, azken bi horiek indartsuago zebiltzala, baina Solerrek irauli egin du egoera. Faboritoen multzoan, Mikel Landa (Soudal) eta Enric Mas (Movistar) behin eta berriz saiatu dira erasoa jotzen; Roglicek erantzun sendoa eman die eraso horiei, baina O'Connor atzean gelditu da, eta bazirudien maillot gorria esloveniarrarentzat izango zela, etapa amaieran. O'Connor, baina, bikain ibili da etapako azken zatian eta, alde oso txikia badu ere, beste egun batez jarraitzen du sailkapen nagusiko aurreneko postuan.
Hala, Covadongako aintziretako etapa ihesaldi batek markatu du. Hamabost bat gizon sartu dira multzo horretan, eta tropelarekiko hamar bat minutuko aldea erdietsi dute; Oier Lazkano (Movistar) eta Jon Izagirre (Cofidis) ihesaldian izan dira. Aurtengo Espainiako Vueltan hiru etapa irabazi dituen Wout van Aert (Visma) ere sartu da iheslarien artean; ziklista belgikarra, mendiko sailkapeneko eta puntutako sailkapeneko liderra bera, erori egin da, helmugarako 50 kilometro baino gutxiago gelditzen zirela, Collada Llomena mendatea jaisten, eta lasterketa utzi behar izan du. Aurretik, beste eroriko bat ere izan du, arinagoa hori.
Covadongako aintziretarako igoera hastear zegoela, hainbat eta hainbat txirrindulari estu-estu zebiltzan, eguna biziki gogorra joan da eta; hori gutxi balitz, euria ere izan da protagonista azken mendate horretan. Inpresioa zen Max Poolek eskuratuko zuela etapa garaipena, aurrean, eta Primoz Roglicek bereganatu behar zuela maillot gorria, baina ez da gertatu ez bata ez bestea; Soler bikain aritu da eguneko azken kilometroetan, oso sendo, eta O'Connorrek, banakako ahalegin ederra eginda, meritu handiz lortu du sailkapen nagusiko lehen postuari eustea.
Asteazkenean, 79. Espainiako Vueltaren hamazazpigarren etapa izango da jokoan. Arnueron izango du irteera, eta parte-hartzaileak, 141,5 kilometro eginda, Santanderrera iritsiko dira. Biharamunean, ostegunean, Araba zeharkatuko du.
Etapako sailkapena
1 - SOLER Marc (UAE) 4:44:46
2 - ZANA Filippo (Jayco) + 0:18
3 - POOLE Max (DSM) + 0:23
4 - VINE Jay (UAE) + 0:57
5 - IZAGIRRE Jon (Cofidis) + 1:02
6 - DEL TORO Isaac (UAE) + 1:29
7 - FRIGO Marco (Israel) + 1:35
8 - RICCITELLO Matthew (Israel) + 1:47
9 - MAS Enric (Movistar) +3:54
10 - CARAPAZ Richard (EF) d. b.
Sailkapen nagusia
1 - O'CONNOR Ben (Decathlon) 65:09:00
2 - ROGLIC Primoz (Red Bull) + 0:05
3 - MAS Enric (Movistar) + 1:25
4 - CARAPAZ Richard (EF) + 1:46
5 - LANDA Mikel (Soudal) + 2:18
6 - GAUDU David (Groupama) + 3:48
7 - RODRIGUEZ Carlos (INEOS) + 3:53
8 - SKJELMOSE Mattias (Lidl) + 4:00
9 - LIPOWITZ Florian (Red Bull) + 4:27
10 - SIVAKOV Pavel (UAE) + 5:19