Espainiako Vuelta – 21. etapa
Roglicek laugarren aldiz bereganatu du Espainiako Vuelta
Agentziak | EITB Media
Primoz Roglicek irabazi du Espainiako Vuelta. Ben O'Connor izan da bigarrena eta Enric Mas hirugarrena. Madrilen lehiatu den azkeneko etapan, berriz, Stefan Küng gailendu da.
Primoz Roglic (Red Bull Bora) txirrindulari esloveniarrak irabazi du Espainiako Vueltaren 79. edizioa, eta Stefan Küng nagusitu da azkeneko etapako erlojupekoan, Madrilen.
Txirrindulari suitzarrak saio bikaina egin du erlojuaren aurka, eta 26 minutu eta 28 segundo behar izan ditu 24,6 kilometroko ibilbidea egiteko. Roglic izan da bigarrena (+31) eta Mattia Cattaneo hirugarrena (+41).
Horrenbestez, eta espero bezala, ez da inolako ustekaberik izan, eta Roglicek laugarren aldiz irabazi du Espainiako Vuelta (2019, 2020,2021 eta 2024), eta harekin batera izan dira podiumean Ben O'Connor (Decathlon) eta Enric Mas (Movistar), bigarrena eta hirugarrena, hurrenez hurren. Mikel Landak, berriz, zortzigarren tokian amaitu du.
Bestalde, edizio honetan Wout Van Aert eta Kaden Groves nabarmendu dira, hiruna etapa irabazita. Alabaina, txirrindulari belgikarra erretiratu egin zen, erorikoa izan baitzuen, eta, ondorioz, txirrindulari australiarrarentzat izan da erregulartasunaren maillot berdea.
Mendiko sailkapena Jay Vinek irabazi du, eta gazterik onena Mathias Skjelmose izan da, Florian Lipowitz eta Carlos Rodriguezen aurretik. Talderik onena UAE izan da, eta Marc Solerri eman diote txirrindulari lehiakorrenaren saria.
AZKEN ETAPAKO SAILKAPENA
1. KÜNG Stefan (Groupama - FDJ) 26.28
2. ROGLIC Primož (Red Bull - Bora) +30
3. CATTANEO Mattia (Soudal Quick-Step) +41
4. BARONCINI Filippo (UAE Team Emirates) +43
5. SCHMID Mauro (Team Jayco AlUla) +46
ESPAINIAKO VUELTAKO SAILKAPEN NAGUSIA
1. ROGLIC Primož (Red Bull - BORA) 81:49:18
2. O'CONNOR Ben (Decathlon AG2R) +2:36
3. MAS Enric (Movistar Team) +3:13
4. CARAPAZ Richard (EF Education) +4:02
5. SKJELMOSE Mattias (Lidl - Trek) +5:49
6. GAUDU David (Groupama - FDJ) +6:32
7. LIPOWITZ Florian (Red Bull - BORA) +7:05
8. LANDA Mikel (Soudal Quick-Step) +8:48
9. SIVAKOV Pavel (UAE Team Emirates) +10:04
10. RODRÍGUEZ Carlos (INEOS Grenadiers) +11:19