Europako Txapelketa
Lotte Kopeckyk eta Edoardo Affinik irabazi dute Europako Txapelketako erlojupekoa
EITB MEDIA
Txirrindulari belgikarrak eskuratu du garaipena, asteazkenean, Flandriako Linburgon jokatu duten lasterketan, emakumezkoetan, eta hori bera egin du ziklista italiarrak, gizonezkoetan. Biek erdietsi dute urrezko domina, hortaz.
Lotte Kopecky txirrindulari belgikarrak irabazi du 2024ko Europako txirrindularitza Txapelketako erlojupekoa, asteazkenean, Linburgon, Flandrian, emakumezkoen lasterketan, eta hori bera egin du Edoardo Affini ziklista italiarrak, gizonezkoen proban.
Lotte Kopeckyk, Belgikako selekzioko eta SD Worx-Protime taldeko txirrindulariak, 39 minutu behar izan ditu 31,3 kilometroko ibilbidea amaitzeko, eta horrek urrezko domina ekarri dio. Bigarren postua Ellen van Dijk herbeheretarrak eskuratu du, irabazleak baino 43 segundo gehiago baliatuta, eta brontzezko domina Christina Schweinberger austriarrak bereganatu du; azken horrek Kopeckyk baino minutu bat eta bi segundo gehiago erabili ditu erlojupekoa egiteko.
Kung, Affini eta Cattaneo, podiumean, erlojupekoa amaituta. Argazkia: EFE.
Gizonezkoetan, Italiako eta Visma-Lease a Bike taldeko Edoardo Affinik, ibilbide horretan bertan, 35 minutu eta 15 segundoko denbora egin du, hau da, Stefan Kung suitzarrak baino bederatzi segundo gutxiago. Bi gizon horiek lortu dituzte, hurrenez hurrenez, urrezko eta zilarrezko dominak; brontzea Mattia Cattaneok irabazi du, Affini baino 19 segundo gehiago baliatuta.
2024ko Europako Txapelketako erlojupekoa, elite mailan
Emakumezkoen proba
1 – KOPECKY Lotte (Belgika) 39:00
2 – VAN DIJK Ellen (Herbehereak) + 0:43
3 – SCHEWINBERGER Christina (Austria) + 1:02
4 – MARKUS Riejanne (Herbehereak) + 1:04
5 – GUAZZINI Vittoria (Italia) + 1:08
Gizonezkoen proba
1 – AFFINI Edoardo (Italia) 35:15
2 – KÜNG Stefan (Suitza) + 0:09
3 – CATTANEO Mattia (Italia) + 0:19
4 – HOOLE Daan (Herbehereak) + 0:26
5 – ARENSMAN Thymen (Herbehereak) + 0:53