Itxi

2024ko Munduko Txapelketa

Beloki, Mintegi, Arrieta, Ostiz, Aranguren eta Serrano, Suitzako Munduko Txapelketara

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Markel Beloki, Iker Mintegi, Igor Arrieta, Paula Ostiz, Irati Aranguren eta Ayala Serrano euskal txirrindulariek Zurichen jokatuko den Munduko Txapelketan parte hartuko dute Espainiako selekzioarekin.

Paula Ostiz, Europako erlojupeko txapelduna, urrezko dominarekin. Argazkia: @RFECiclismo

Markel Beloki, Igor Arrieta, Iker Mintegi, Paula Ostiz, Irati Aranguren eta Ayala Serrano euskal txirrindulariek 2024ko Munduko Txapelketan parte hartuko dute Espainiako selekzioarekin.

Gizonezkoen 23 urtez azpiko mailako taldean egongo dira Beloki, Arrieta eta Mintegi, Jaume Guardeño, Ivan Romeo eta Pablo Torres ziklistekin batera. Beloki erlojupeko proban soilik lehiatuko da; Arrieta eta Mintegi, aldiz, errepidekoan.

Markel Belokiren txanda irailaren 23an, astelehenean, izango da. Erlojupekoa Zurichen hasi eta Gossaun amaituko da, eta 29,9 kilometroko ibilbide laua izango du. Igor Arrietak eta Iker Mintegik irailaren 27an, ostiralean, ekingo diote lehiari. Errepideko lasterketak 176,3 kilometroko ibilbide gorabeheratsua izango du; Usterren hasi eta Zurichen bukatuko da.

Emakumezkoen junior mailako Espainiako selekzioan egongo dira Ostiz, Aranguren eta Serrano. Taldean Irene Moreno eta Celia Torres ere egongo dira. Paula Ostiz erlojupeko Europako txapeldunak eta Irati Arangurenek erlojupekoan eta errepideko proban parte hartuko dute; Ayala Serranok, ordea, errepideko lasterketan soilik. Erlojupekoa irailaren 24an, asteartean, jokatuko da; Zurichen hasi eta amaituko da, eta 18,8 kilometroko ibilbide lau izango du. Errepideko lasterketaren txanda irailaren 26an izango da (osteguna): txirrindulariek Zurich eta Uster arteko 73,6 kilometroko ibilbide lauari egingo diote aurre.

Albisteak (3)