Itxi

Valoniako Sari Nagusia

Alex Aranburuk bigarren postua lortu du Valoniako Sari Nagusian

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Roger Adria Red Bull-BORA taldeko kataluniarrak soilik gainditu du Movistarreko txirrindulari gipuzkoarra. Emakumezkoen lasterketan, UAEko Karlijn Swinkels herbeheretarrak irabazi du, eta Usoa Ostolaza hamabigarren tokian helmugaratu da.

Alex Aranburu, artxiboko irudian; ziklista gipuzkoarra bigarren helmugaratu da. Argazkia: EFE.

Alex Aranburu Movistar taldeko txirrindulari gipuzkoarrak bigarren postua eskuratu du 2024ko Valoniako Sari Nagusian, asteazkenean, gizonezkoen lasterketan; emakumezkoen proban, Usoa Ostolaza Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioa taldeko ziklista gipuzkoarra hamabigarren tokian sailkatu da. Red Bull-BORAko Roger Adriak eta UAEko Karlijn Swinkelsek erdietsi dute garaipena, Belgikan jokatu duten proban.

Testuinguru horretan, gizonezkoen lasterketan, Roger Adria txirrindulari kataluniarrak lortu du aurreneko postua, 64. Valoniako Sari Nagusia erabaki duen esprintean onena izan baita. Alex Aranburu garaipena eskuratzetik oso gertu izan da; Ezkio-Itsasoko ziklista azken metroraino lehiatu da, palmaresean ospe handiko beste lasterketa bat gehitzeko asmoz.

Arkeako Clement Champoussin sailkatu da hirugarren, eta Intermarcheko Biniam Girmayk bereganatu du laugarren postua. Euskaltel-Euskadiko Xabier Berasategi eta Gotzon Martin esprinta jokatu duten gizonen multzoan helmugaratu dira.

Sailkapena

1 - ADRIA Roger (Red Bull) 4:41:16

2 - ARANBURU Alex (Movistar) d. b.

3 - CHAMPOUSSIN Clement (Arkea) d. b.

4 - GIRMAY Biniam (Intermarche) d. b.

5 - PLUIMERS Rick (Tudor) d. b.

6 - WELLENS Tim (UAE) d. b.

7 - HERMANS Quinten (Alpecin) d. b.

8 - BLACKMORE Joseph (Israel) d. b.

9 - ZINGLE Axel (Cofidis) d. b.

10 - OLIVEIRA Rui (UAE) d. b.

Emakumezkoen lasterketari dagokionez, Karlijn Swinkelsek eskuratu du garaipena; izan ere, hamabost bat ziklista ibili dira esprintean lehenengo postualortzeko eta herbeheretarra izan da azkarrena. Horrenbestez, Swinkels aurrenekoz gailendu da 2024ko denboraldian. Azken metroetan, irabazleak Elisa Longo Borghini (Lidl-Trek) eta Anouska Koster (Uno-X) aurreratu ditu; azken bi horiek sailkatu dira, hurrenez hurren, bigarren eta hirugarren postuetan.

Usoa Ostolaza ondo aritu da, eta hamabigarren tokian helmugaratu da. Laboral Kutxa taldeko txirrindulari zarauztarrak irabazlearen denbora berean zeharkatu du helmuga. Ostolaza, hala, jardunaldiko onenekin batera ibili da, eta gauza bera egin du Nadia Quagliotto taldekideak.

Sailkapena

1 - SWINKELS Karlijn (UAE) 3:35:24

2 - LONGO BORGHINI Elisa (Lidl) d. b.

3 - KOSTER Anouska (Uno-X) d. b.

4 - KRAAK Amber (FDJ) d. b.

5 - GHEKIERE Justine (AG) d. b.

6 - VANPACHTENBEKE Margot (VolkerWessels) d. b.

7 - SQUIBAN Maeva (Arkea) d. b.

8 - BORGHESI Letizia (EF) d. b.

9 - MUZIC Evita (FDJ) d. b.

10 - QUAGLIOTTO Nadia (Laboral Kutxa) d. b.

12 - OSTOLAZA Usoa (Laboral Kutxa) d. b.

Albisteak (3)