Itxi

Agurra

Eneritz Iturriagak txirrindularitza profesionala utziko du

Erredakzioa

Txirrindulari bizkaitarrak prentsaurrekoa eskainiko du ostegunean, Getxon, erretiroaren berri emateko.

Eneritz Iturriaga podiumean. Argazkia: EITB

Eneritz Iturriaga txirrindulari bizkaitarrak txirrindularitza profesionala denboraldi amaieran utziko duela iragarri du, 12 denboraldi profesionaletan eman ostean. Iturriagak Espainiako zazpi txapelketa irabazi ditu (bat errepidean, lau erlojupekoan eta beste bi pistan).

Iturriagak (Abadiño/Bizkaia, 1980) prentsaurrekoa eskainiko du ostegunean, Faduran (Getxo), erretiroaren berri emateko eta bere kirol ibilbidearen nondik-norakoak aztertzeko. Txirrindulari bizkaitarra azken urteetako euskal txirrindularirik onena izan da.

Palmares ikaragarria du Iturriagak: 2003an Espainiako Txapelketa irabazi zuen errepidean, beste lau Espainiako Txapelketa erlojupekoan(2002, 2005, 2006 eta 2011), bi erlojupeko pistan (Puntuazioa 2007an eta Jazarpena 2009an), Espainiako 23 urtez azpiko bi Kopa (1999 eta 2002) eta etapa garaipenak Emakumeen Biran (2003), Holandako Itzulian (2004) eta Frantziako Urrezko Txapelketan (2008).

Bere kirol ibilbidean Munduko 12 txapelketatan parte hartu du Iturriagak eta Bik-Toscani (2001), Deia-Pragma-Colnago (2002), Aurora (2003), Lets Go Finlad (2004), Orbea (2005), Fassa Bortolo (2006), Nobili (2007), Safi Pasta Zara (2008-2010) eta Lointek (2011-2012) taldeen elastikoak jantzi ditu.