Itxi

Heriotza

Muriel Furrer txirrindulari suitzar gaztea zendu da, Munduko Txapelketan izandako erorikoaren ondorioz

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Zurichen jokatzen ari den Munduko Txapelketan izan zuen istripua, junior mailako errepideko lasterketan.

Irudian, Muriel Furrerrek istripua izan zuen puntua. Argazkia: EFE.

Muriel Furrer txirrindulari suitzar gaztea zendu da, ostiralean, Zurichen jokatzen ari den Munduko txirrindularitza Txapelketan izandako erorikoaren ondorioz, Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak baieztatu duenez. Hain zuzen ere, Furrerrek junior mailako errepideko lasterketan izan zuen istripua, eta buruan izan zituen zauri larriak; proba horretan, Paula Ostiz nafarrak bigarren postua eskuratu zuen.

"Aurretik etorkizun oparoa zuen ziklista" zen Furrer, Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunaren esanetan. Horren esanetan, Furrerrek "eroriko latza" izan zuen, eta horrek "lesio larria" eragin zion buruan. "Ospitalera helikopteroz eraman aurretik, egoera oso kritikoan zegoen", zehaztu du iturri berak. Txirrindularia ospitalean hil da.

"Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak eta Munduko Txapelketa antolatu duen Batzordeak doluminik zinezkoenak agertu nahi dizkiete Muriel Furrerren senide eta lagunei, bai eta Suitzako Txirrindularitza Federazioari ere. Muriel Furrerren senideek eskatu dute euren pribatutasuna errespetatzeko horren mingarria den une honetan", adierazi du erakundeak.

Suitzar txirrindulari gaztea (18 urte) Zurich lakuaren ipar ertzeko baso gune batean erori zen. Munduko Txapelketako proba guztiak ari dira bertan egiten, eta, Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak esan duenez, informazio bila jarraitzen dute, istripua nola gertatu zen argitzeko. Erakundearen arabera, Muriel Furrerren senideek eskatu dute Munduko Txapelketak aurrera jarraitzeko.

Albisteak (3)

Bideoak (1)