Berritzea
Jonathan Lastrak Cofidisekin berritu du, 2025era arte
EITB MEDIA
Txirrindulari bilbotarra 2023an iritsi zen Frantziako taldera, Caja Rural-Seguros RGAtik. Ion eta Gorka Izagirre ere dabiltza talde horretan, eta Alex Aranburu ere helduko da; Lastra "benetako euskarria" izango da gipuzkoarrarentzat.
Jonathan Lastrak Cofidis taldearekin berritu du, 2025era arte, Frantziako taldeak iragarri duenez. Txirrindulari bilbotarra 2023an iritsi zen Cofidisera, Caja Rural-Seguros RGAtik. Ion eta Gorka Izagirre ere dabiltza talde horretan, eta Alex Aranburu ere helduko da; Lastra "benetako euskarria" izango da gipuzkoarrarentzat, Cofidisen esanetan.
"Pozarren nago, Cofidisen jarraitzeagatik. Azken denboraldia ez da niretzako erraza izan, eta zorte ona dut, jakin badakidalako taldeak nigan konfiantza duela. Zuzendaritzari eskerrak eman nahi dizkiot, baita langileei ere, lasterketetan dena ematen baitute. Aukera bikaina da, konfiantza berreskuratu eta datorren urtean denboraldi oso ona egiteko", adierazi du bizkaitarrak.
Jonathan Lastrak 31 urte ditu, eta, orain arte, bost aldiz lehiatu da Espainiako Vueltan eta behin Italiako Giroan.