Itxi

UZTAILAK 26-ABUZTUAK 3

Emakumezkoen Frantziako Tourrak etapa bat gehiago izango du 2025ean

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Lasterketa Bretainian abiatuko da uztailaren 26an eta Alpeetan amaitu, abuztuaren 3an, 1.165 kilometro egin ostean.

Frantziako Tourraren ibilbidearen mapa. Irudia: letourfemmes.fr

2025eko Emazkumezkoen Frantziako Tourrak etapa bat gehiago izango du, astearte honetan Parisen egindako aurkezpenean antolakuntzak zehaztu duenaren arabera. Erdi mailako mendiko etapak izango dituzte egun batzuetan. Halaber, Madeleine mendate beldurgarria izango da amaierako epailea, sailkapen orokorreko postuei begira. Uztailaren 26an hasi eta abuztuaren 3an bukatuko da lehia, Bretainiatik Alpeetara.

Txirrindulariak Armorikan, Erdialdeko Mendigunean eta Alpeetan barrena ibiliko dira, 1.165 kilometro egingo dituzte, 3.490 metroko desnibelarekin.

Finisterreko kotei aurre egin beharko diete lehenik eta behin: Cadoudaleko malda igoko dute bi aldiz, lehen maillot horia erabakitzeko. Bigarren egunean antzeko agertokia izango dute: Menez Quelerc'herako 3 kilometroko igoera egingo dute (batez beste % 6,2ko maldekin), eta Quimperren amaitu.

Hirugarren etapan Angersen bukatu eta gero, beste bi helmuga jendetsu aurreikusi dituzte, Poitiersen bata eta Guéreten bestea. Dena den, azken horretan, Maupuy malda egin behar izango dute bukaera baino hamaika kilometro lehenago, eta horrek gidoia alda dezake.

Erdialdeko Mendiguneak gidatuko du lasterketaren norabidea Amberten bukatuko den seigarren etapatik aurrera: Col du Béal, Col du Chansert eta Valcivières malda igoko dituzte egun horretan, helmugatik 13 kilometrora. Jaitsierarik ez duen Madeleine mendatea gainditzeko erronkan, paisaia menditsua izango da nagusi, Chamberyra bidean.

Azken aurreko jardunaldia "erregina" izango da, malkartsua azken igoera gogorrera arte: 18,6 kilometroko Madeleine mendatea, batez beste %8,1eko maldekin. Litekeena da sailkapen nagusia ia erabakita geratzea egun horretan. 

Bederatzigarren etapan aurreikusi dute Col de la Joux-Plane igoera, Tourreko ikurretako bat. Txirrindulariak 124 kilometroko etaparen erdialdera iritsiko dira, %8,5eko aldapak gaindituta.

Emakumeen Frantziako Tourraren etapak

1. Etapa (uztailak 26): Vannes - Plumelec (79 km)

2. Etapa (uztailak 27): Brest - Quimper (110 km)

3. Etapa (uztailak 28): La Gacilly - Angers (162 km)

4. Etapa (uztailak 29): Saumur - Poitiers (128 km)

5. Etapa (uztailak 30): Chasseneuil-du-Poitou - Guéret (166 km)

6. Etapa (uztailak 31): Clermont-Ferrand - Ambert (124 km)

7. Etapa (abuztuak 1): Bourg-en-Bresse - Chambéry (160 km)

8. Etapa (abuztuak 2): Chambéry - Col de la Madeleine (112 km)

9. Etapa (abuztuak 3): Praz-sur-Arly - Châtel (124 km)

Albisteak (3)