Fitxaketa eta berritzeak
Laboral Kutxak Alice Arzuffi fitxatu du, eta Juaristik eta Martinek Euskaltel-Euskadirekin berritu dute
EITB MEDIA
Hurrengo bi denboraldietarako sinatu dituzte hirurek kontratu berriak, alegia, 2025erako eta 2026rako.
Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioa taldeak Alice Arzuffi fitxatu du, eta Txomin Juaristik eta Gotzon Martinek Euskaltel-Euskadirekin berritu dute, asteazkenean bi euskal taldeek iragarri dutenez. Hain zuzen ere, ondorengo bi denboraldietarako sinatu dituzte hirurek kontratu berriak, alegia, 2025erako eta 2026rako.
Txomin Juaristi. Argazkia: Euskaltel-Euskadi.
Hala, Laboral Kutxak Alice Arzuffi 29 urteko txirrindulari italiarra fitxatu du (azaroan 30 urte beteko ditu Arzuffik). CERATIZIT-WNT taldetik iritsi da Laboral Kutxara, eta, bereziki, igoeretan nabarmentzen da, eskalatzaile ona baita. 2024ko denboraldian, 17. postuan sailkatu da Italiako Giroan, eta 20. tokian Frantziako Tourrean; horrek ondo baino hobeto erakusten du ziklista trebea dela etapetako itzulietan.
Aste honetan bertan, halaber, Laboral Kutxak Arianna Fidanza fitxatu du. Fidanza, italiarra eta 29 urtekoa bera, "klasikoetarako profila du, bai eta abiadura ederra ere", euskal taldearen iritziz. Arzuffi bezala, CERATIZIT-WNTetik heldu da Euskal Herrira, eta bi denboraldietarako sinatu du.
Arianna Fidanza. Argazkia: Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioa.
Euskaltel-Euskadiri dagokionez, Txomin Juaristik (29 urte ditu) eta Gotzon Martinek (28 urte) 2026ra arte berritu dute. 2018tik dabiltza biak ala biak talde laranjan, eta horren harrobian hazi ziren ziklista gisa; horrenbestez, Jorge Azanzaren esanetara jarraituko dute kirol ibilbidea.