Fitxaketak
David Dekker eta Danny Van der Tuuk fitxatuta osatu du Euskaltel-Euskadik 2025erako taldea
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Dekkerrek denboraldi baterako sinatu du; Van der Tuukek, ordea, hurrengo bi sasoietarako konpromisoa hartu du.
David Dekker eta Danny Van der Tuuk herbeheretarren fitxaketekin osatu du Euskaltel-Euskadi txirrindularitza taldeak 2025. urtean aurkeztuko duen taldea. Modu horretan, Euskal Herriko taldeak 21 txirrindulari izango ditu datorren denboraldian, ostegun honetan prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.
Azken bi fitxaketek bat egin dute Jon Agirre, Marton Dina, Ander Ganzabal, Paul Hennequin, Jordi Lopez, Jokin Murguialday eta Louis Suttonen fitxaketekin. "Hazten ari diren maila handiko gazteak dira, baina eskarmentua ere badute, multzoa osatzeko eta 2025eko erronkei aurre egiteko", nabarmendu dute taldeko iturriek.
David Dekkerrek denboraldi baterako sinatu du, eta, 1,90 metroko altuerarekin, esprinter petoa eta klasikoetan iaioa da. Herbehereetako 23 urtez azpiko txapelduna izan zen 2019an, eta 2020an bi garaipen eskuratu zituen, eta beste horrenbeste klasikotan. Orduz gero, Jumbo-Visma (2021-2022) eta Arkea (2023-2024) taldeetan ibili da.
Elite mailan garaipen handiak lortzeko oso gertu izan da: bigarren 2023ko Italiako Giroko etapa batean eta UAE Tourreko edo Omango Tourreko etapetan, eta hirugarren 2024ko Monseré klasikoan. Guztira, Giroaren hiru ekitalditan aritu da eta Flandes eta Roubaix ere lehiatu ditu. Erik Dekker profesional ohiaren semea da.
"Oso pozik nago Euskaltel-Euskadi taldearekin fitxatzeagatik. Gazteagoa nintzenean txirrindularitza ikusten hasi nintzen lehen egunetik ezagutzen dudan taldea da. Baina, batez ere, oso pozik nago taldeak helarazi didan konfiantzagatik. (...) Denboraldi osoan goi mailan lehiatu nahi dut eta helmuga bakoitzean baieztatu", esan du Dekkerrek taldeak zabaldutako adierazpenetan.
Jorge Azanza Euskaltel-Euskadiko kirol arduradunak nabarmendu du Dekker izango dela taldeburua esprintetan, Jon Aberasturirekin batera, eta berarekin "talde eder bat" osatu dutela, "hainbat esparrutan lehiakorrak izateko".
Bestetik, Danny Van der Tuukek bi denboraldirako kontratua sinatu du Euskaltel-Euskadirekin, 2025erako eta 2026rako, eta Kern Pharma taldetik dator. Ordekan ezin hobeto moldatzen den 1,80 metroko txirrindularia da; taldekide ona, batez ere, eta klasikoak gustuko ditu. Liejako hiru edizio jokatu ditu, besteak beste.
"Ohore handia da Euskaltel-Euskadiren maillotarekin korritzea. Historia handiko taldea da eta lasterketa garrantzitsuetan garaipen handiak lortu ditu. Beste txirrindulari profesional ohi batzuekin hitz egin dudanean, denek ezagutzen dute taldea. Beraz, benetan itzela da hainbeste urteko historiaren ondoren honen parte izatea", azaldu du.
Horrenbestez, Euskaltel-Euskadik 21 txirrindulari izango ditu hurrengo denboraldian: Jon Aberasturi, Jon Agirre (fitxaketa), Nicolas Alustiza, Xabier Berasategi (berritzea), Mikel Bizkarra (luzapena), Iker Bonillo, David Dekker (fitxaketa), Victor de la Parte, Marton Dina (fitxaketa), Ander Ganzabal (fitxaketa), Paul Hennequin (fitxaketa), Xabier Isasa, Txomin Juaristi (berritzea), Jordi Lopez (berritzea), Andoni Lopez de Abetxuko (berritzea), Gotzon Martin (berritzea), Iker Mintegi, Jokin Murguialday (fitxaketa), Louis Sutton (fitxaketa), Danny Van der Tuuk (fitxaketa) eta Unai Zubeldia.
¿¿ David Dekkerrek eta Danny Van der Tuukek kalitatea gehituko diote taldeari.
— Euskaltel Euskadi Team (@euskaltelteam) October 31, 2024
¿ Bi fitxaketa hauekin, 2025eko plantilla itxi dugu.
¿ Albistea eta protagonisten adierazpenak: https://t.co/VMusP4oMKD pic.twitter.com/CK9ZEiwnpA