Komunikatu ofiziala
Nikek bertan behera utzi du Armstrongekin zuen kontratua
Erredakzioa
Kirol markaren ustez, txirrindulari ohiak iruzur egin die, "argi baitago hamarkada oso baten zehar dopin sarean sartuta egon dela".
Nike kirol markak Lance Armstrongekin zuen kontratua bertan behera uztea erabaki du. Nikek dioenez, "argi dago hamarkada oso baten zehar dopin sarean sartuta" egon dela. Txirrindulari ohiak iruzur egin diola uste du Nikek.
"Armstrongek dopin sarean parte hartu duela argi dagoenez, iruzur egin digula sentitzen du Nikek. Hamar urte baino gehiago eman dugu engainatuta, eta tristea den arren, kontratua bertan behera uztea erabaki dugu", adierazi du Nikek komunikatu baten bitartez.
Nikek "ez du errendimendua hobetzeko drogen erabilera babesten", baina Livestrongen ekimenak babesteko intentzioarekin aurrera jarraitu nahi du. Livestrong Lance Armstrongek kantzerra duten pertsonei laguntzeko sortutako fundazioa da.