Itxi

2. etapa

Tim Merlier berriro ere nagusitu da Paris-Nizan, eta sailkapen nagusian duen lehen postua sendotu du

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Soudal Quick-Step taldeko flandriarra, lehen etapan ere gertatu zenez, azkarrena izan da lasterketako bigarren jardunaldia erabaki duen esprintean, Bellegarden. TotalEnergieseko Emilien Jeanniere helmugaratu da bigarren, eta Lidl-Trekeko Mads Pedersenek eskuratu du hirugarren postua.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Tim Merlier Soudal Quick-Step taldeko txirrindulari flandriarrak irabazi du 2025eko Paris-Nizako bigarren etapa, esprintean, Bellegarden, astelehenean, eta, hala, sailkapen nagusian duen lehen postua sendotu egin du; izan ere, lasterketako lehen etapan ere, igandean, Merlier bera nagusitu zen. Bigarren etapako helmugan, TotalEnergieseko Emilien Jeanniere helmugaratu da bigarren, eta Lidl-Trekeko Mads Pedersenek eskuratu du hirugarren postua. Halaber, bigarren etapan ere, Caja Rural-Seguros RGA taldeko Gorka Sorarrainek lasterketa utzi behar izan du, erorikoa izan baitu; euskal ziklistak lepauztaia hautsita du.

Merlierrek, testuinguru horretan, denboraldiko seigarren garaipena erdietsi du, eta berretsi egin du sasoi puntu bikainean dabilela. Europako egungo txapeldunak, aurreko egunean bezala, nagusitasun handiz gailendu da, eta aurkari guztiak atzean utzi ditu. Soudal Qquick-Stepeko esprinter flandriarrak ezin hobeto baliatu du irabazteko zuen aukera, Paris-Nizako aurreneko bi etapetan; orain, pentsatzeko modukoa da astearteko erlojupekoak aldaketa handia ekarriko diola sailkapen nagusiari.

Bigarren etapako beste protagonista Jonas Abrahamsen izan da. Uno-X Mobility taldeko txirrindulari norvegiarra ihes eginda ibili da, lasterketa buruan, beste gizon batzuek lagunduta, eta, gerora, bakarka, ia egun osoan; azkenean, helmugarako bi kilometro eta erdi gelditzen zirela harrapatu du tropelak. Egindako ahaleginak ez dio Abrahamseni garaipenaren saria ekarri, baina agerian utzi du nolako indarra duen, denboraldiko garai honetan.

Arestian esan bezala, Gorka Sorarrain Caja Rural taldeko gipuzkoarrak —Paris-Nizan zebilen euskal txirrindulari bakarra— proba utzi behar izan du, helmugako pankartapean jokatu duten esprint ikusgarrian erorikoa izan baitu. Ez da izan, tamalez, eguneko ezbehar bakarra: amaierarako 45 kilometro gelditzen zirela, zenbait gizon jauzi dira, tropelean.

83. Paris Nizan, asteartean, hirugarren etapa izango da jokoan, eta taldekako erlojupekoa izango da; Neversen egingo dute, eta 28,4 kilometroko ibilbidea izango du. Sailkapen nagusian aldaketa handia izan liteke, eta EITBn izango da ikusgai; eitb.eus eta ETB4 14:35ean hasiko dira lasterketa ematen, zuzenean, eta telebistako emanaldia, 15:20an, ETB1era pasako da.

Etapako sailkapena

1 - MERLIER Tim (Soudal) 4:11:29

2 - JEANNIERE Emilien (TotalEnergies) d. b.

3 - PEDERSEN Mads (Lidl) d. b.

4 - KRISTOFF Alexander (Uno-X) d. b.

5 - KIELICH Timo (Alpecin) d. b.

6 - ZINGLE Axel (Visma) d. b.

7 - DEMARE Arnaud (Arkéa) d. b.

8 - GOVEKAR Matevž (Bahrain) d. b.

9 - JAKOBSEN Fabio (Picnic) d. b.

10 - BOL Cees (XDS) d. b.

Sailkapen nagusia

1 - MERLIER Tim (Soudal) 7:43:12

2 - DEMARE Arnaud (Arkéa) + 0:14

3 - JEANNIERE Emilien (TotalEnergies) d. b.

4 - JORGENSON Matteo (Visma) d. b.

5 - NARVAEZ Jhonatan (UAE) d. b.

6 - ABRAHAMSEN Jonas (Uno-X) d. b.

7 - PEDERSEN Mads (Lidl) + 0:16

8 - VAN DIJKE Mick (Red Bull) d. b.

9 - DAINESE Alberto (Tudor) d. b.

10 - SHEFFIELD Magnus (INEOS) + 0:18

Albisteak (2)

Bideoak (3)