Tirreno–Adriatico (5. etapa)
Fredrik Dversnesek erakustaldia emanda bereganatu du Tirreno-Adriatico lasterketako 5. etapa
Agentziak | EITB MEDIA
Txirrindulari norvegiarrak 195 kilometro eman ditu ihesean, beste zenbait txirrindularirekin batera, eta, tarte txikiarekin izan bada ere, bakarrik helmugaratu da. Filippo Gannak lider segitzen du.


Fredrik Dversnes irabazi du Tirreno-Adriatico lasterketako bosgarren etapa. Argazkia: EFE
Fredrik Dversnes (Uno-X Mobility) norvegiarrak sekulako garaipena eskuratu du Tirreno-Adriatico lasterketako bosgarren etapan, Ascoli Piceno eta Pergola udalerrien artean (205 km).
Beste zenbait txirrindularirekin batera, 195 kilometro egin ditu ihesean, eta bakarrik helmugaratzea lortu du, azkenean. Profesional mailan lortu duen lehendabiziko garaipena da. Mathieu van der Poel (Visma) eta Roger Adria (Red Bull Bora) izan dira bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren.
Filippo Ganna (INEOS) italiarrak ezustekoa izan du azken kilometroan, katea atera baitzaio. Edonola ere, ez du denborarik galdu, eta lider jarraitzen du.
Etapa hasi eta berehala osatu da iheslarien taldea zazpi txirrindularirekin, helmugarako ia 200 kilometro falta zirenean: Francisco Muñoz (Polti VisitMalta), Gal Glivar (Alpecin-Deceuninck), Xandro Meurisse (Alpecin-Deceuninck), Paul Orselin (Cofidis), Dries de Bondt (Decathlon AG2R La Mondiale), Fredrik Dversnes (Uno-X Mobility) eta Manuele Tarozzi (VF Group-Bardiani-Faizanè).
Sei minutuko tartea izatera iritsi dira. Alabaina, helmugatik 60 bat kilometrora, UAE taldeak erritmoa bizkortu du, eta aldea murriztuz joan da pixkanaka-pixkanaka.
Monterolo mendatea (jardunaldiko azkena eta gogorrena) igotzen hasi direnerako, tropelak iheslariak irentsi ditu, Deversnes izan ezik. Norvegiarrak aurrean jarraitu du, minutu eta erdiko aldearekin.
Abantaila horrekin ez zuela nahikoa izango ematen zuen, baina Dversnesek ez du amore eman, indarrean jarraitu du, eta bakarka helmugaratu da, balentria gauzatuta.
Bihar lehiatuko da Tirreno-Adriatico lasterketako etapa nagusia. Cartoceton hasi eta Frontignano mendatean amaituko da. Guztira, 163 kilometro egin eta 3.508 metro igo beharko dituzte. Sailkapen nagusia oso estu dago, eta bihar erabaki daiteke dena.
ETAPAKO SAILKAPENA:
1. DVERSNES Fredrik (Uno-X Mobility) 5:04:56
2. VAN DER POEL Mathieu (Alpecin) +0:07
3. ADRIÀ Roger (Red Bull - BORA) d.b.
4. CICCONE Giulio (Lidl - Trek) d.b.
5. ARANBURU Alex (Cofidis) d.b.
6. PIDCOCK Thomas (Pro Cycling Team) d.b.
7. GRÉGOIRE Romain (Groupama - FDJ) d.b.
8. JOHANNESSEN Tobias Halland (Uno-X Mobility) d.b.
9. BILBAO Pello (Bahrain - Victorious) d.b.
10. VELASCO Simone (XDS Astana Team) d.b.
SAILKAPEN NAGUSIA
1. GANNA Filippo (INEOS) 21:19:03
2. AYUSO Juan (UAE) +0:22
3. TIBERI Antonio (Bahrain - Victorious) +0:29
4. GEE Derek (Israel - Premier Tech) +0:34
5. CATTANEO Mattia (Soudal Quick-Step) +0:36
6. VAUQUELIN Kévin (Arkéa - B&B Hotels) +0:41
7. DE PLUS Laurens (INEOS) +0:45
8. GRÉGOIRE Romain (Groupama - FDJ) +0:48
9. DE LA CRUZ David (Pro Cycling Team) +0:54
10. BILBAO Pello (Bahrain - Victorious) d.b.