Itxi

Uztailak 1, larunbata

Frantziako Tourraren 1. etaparen profila eta ibilbidea: Bilbo-Bilbo (182 kilometro)

EITB MEDIA

Leer en Castellano

2023ko Tourraren lehen etapa Bizkaian jokatuko dute, osorik. Ibilbidean, bost mendate puntuagarri izango dira; horietako bat, Ganguren, 2. mailakoa, eguneko gogorrena izango da, baina Pike, 3. mailakoa, helmugatik 10 kilometrora, erabakigarria izan liteke.

2023ko Tourreko 1. etaparen profila. Argazkia: ©A.S.O.

2023ko Frantziako Tourraren lehen etapa uztailaren 1ean jokatuko dute, larunbatez, eta 182 kilometroko ibilbidea izango du. Bilbon hasiko da, eta Bilbon bertan amaitu, Bizkaian ibiliko da une oro, eta, guztira, bost mendate puntuagarri izango ditu; horietako bat, Ganguren, 2. mailakoa, eguneko gogorrena izango da, baina Pike, 3. mailakoa, helmugatik 10 kilometrora, erabakigarria izan liteke.

Hala, txirrindulariek 12:55ean ekingo diete 2023ko Tourraren lehen metroei; ordu horretan hasiko da etapa, baina irteera neutralizatua apur bat lehenago izango da, 12:30ean. Bilbo atzean utzita, tropela Loiura eta Gatikara abiatuko da, eta Laukizera gero; bertan, 13,8. kilometroan, Mendiko Sari Nagusirako lehen puntuak izango dira jokoan, 3. mailako igoera batean, Unben.

Lasterketa, jarraian, Eskuinaldean barrena ibiliko da: zaleek Erandion, Leioan, Getxon, Berangon, Sopelan, Urdulizen, Barrikan, Plentzian eta Gorlizen hartu eta hauspotuko dituzte ziklistak. Ondoren, Lemoiztik eta Bakiotik igarota, Bermeora iritsi aurretik, 3. mailako mendate bat igoko dute parte-hartzaileek, San Pelaio, Gaztelugatxe parean, 67,8. kilometroan. Bermeotik, lasterketa Mundakara joango da, gero Sukarrieta, Busturia, Murueta eta Forua igarotzeko, Gernika-Lumon esprint berezia jokatu baino lehen; 88,2. kilometroan izango da hori, eta aurtengo Tourraren lehen esprint berezirako lehiatuko dira bertan.

Arratzu, Kortezubi, Gautegiz Arteaga, Ibarrangelu, Ereño eta Nabarniz izango dira ziklistak hartuko dituzten hurrengo udalerriak, eta, gerora, proba Arratzun eta Gernika-Lumon izango da berriro. Bertatik, Muxika eta Morgara abiatuko da tropela. Etapa bukatzeko 41 kilometro falta direnean, ziklistek Morga (Aretxabalagana) igoko dute, 4. mailako mendatea. Jaitsiera amaitu ostean, Larrabetzu eta Galdakao harrapatuko dute, eta Ganguren igoko dute; 2. mailako mendate puntuagarria da, eta mendiko pankarta helmugatik 27 kilometrora izango dute.

Lezama, Zamudio, Derio, Loiu (berriro) eta Sondika atzean utzita, tropelak Pikebidea igoko du. 3. mailako mendatea da, eta igoera laburra du, bi kilometrokoa, baina gogorra, batez beste % 10eko pendizak baititu. Bertako pankarta helmugatik hamar kilometro baino gutxiagora dago; hortaz, ziklistak adi-adi ibili beharko dira, ez badute nahi lehen egunean bertan atzean geratu eta denbora galdu. Lehia ikusgarria egon liteke puntu horretan.

Duela hiru urte egin zen ospetsu Pikebidea; ordura arte, baina, gaina ezezaguna zen. Oso gogorra da; izan ere, tarte batzuetan % 20ko maldak ditu. Mendatea baino, harresia da; igoera laburra eta ikusgarria da, Sondikatik Artxandara doa. Zati batzuek % 11ko malda dute, beste batzuek % 14koa, % 15ekoak eta % 16koak ere baditu, eta, azkenik, % 20koa, latzena.

Azken egunetan, antolatzaileek erabaki dute Pikebidean eman beharreko denbora saria kentzea (zortzi, bost eta bi segundo ziren); horrela, etaparen irabazleak bermatuta izango du lehen maillot horia janztea.

Txirrindulariak Enekuritik sartuko dira Bilbora, eta Bizkaiko hiriburuan ebatziko da nor den aurtengo Tourreko lehen etapako garailea, eta, bide batez, zeinek jantziko duen biharamunean lehenengo maillot horia. Antolatzaileen aurreikuspenak betez gero, irabazleak 17:15 eta 17:42 bitartean zeharkatuko du helmuga.

EITBk osorik emango du lehen etapa hau. Emanaldia, eitb.eus-en eta ETB1en, 12:10ean hasiko da; hori bai, 14:00etatik 15:00etara bitartean, telebistako emanaldia ETB2ra pasako da; 15:00etan, baina, ETB1era itzuliko da, etapa amaitu arte.

Ikusi 2. etaparen profila

ETAPAREN PROFILA

2023ko Frantziako Tourraren 1. etaparen profila. Argazkia: ©A.S.O.

------------------------------------------

ETAPAREN MAPA

2023ko Frantziako Tourraren 1. etaparen ibilbidea. Argazkia: ©A.S.O.

------------------------------------------

PIKEBIDEA

Pikebiderako igoera, 2023ko Frantziako Tourraren 1. etapan. Argazkia: ©A.S.O.

FITXA TEKNIKOA:

Etapa: 1. etapa (uztailak 1, larunbata)

Ibilbidea: Bilbo-Bilbo

Distantzia: 182 km

Irteera ordua: 12:55

Iritsiera ordua: 17:15 (42 km/h) | 17:28 (40 km/h) | 17:42 (38 km/h)

Mendiko saria: Unbe (3. maila), 13,8. kilometroan; San Pelaio (3. maila), 67,8. kilometroan; Aretxabalagana (3. maila), 127,2. kilometroan; Ganguren (2. maila), 154,9. kilometroan; Pikebidea (3. maila), 172,4. kilometroan.

Albisteak (5)