Itxi

6. etapa

Healyk irabazi du Viren (Normandia), bakarka, eta Van der Poelek maillot horia berreskuratu du, Tourrean

EITB

Leer en Castellano

EF Education taldeko txirrindulari irlandarra izan da indartsuena eguneko ihesaldian izan diren zortzi gizonen artean, eta, helmugarako 43 kilometro falta zirenean erasoa jo eta gero, garaipen bikaina eskuratu du. Mathieu van der Poel ere izan da ihesaldian, eta berriro ere jarri da lider.

Your browser doesn’t support HTML5 video

EF Education taldeko Ben Healy txirrindulari irlandarrak irabazi du 2025eko Frantziako Tourreko seigarren etapa, Viren (Normandia), ostegunean, bakarka helmugaratuta; sailkapen nagusian, Mathieu van der Poel Alpecin-Deceuninck taldeko ziklista herbeheretarra berriro ere jarri da aurreneko postuan, eta, horrenbestez, igandean jantzi eta asteazkeneko erlojupekoan galdu zuen maillot horia berreskuratu du, segundo batengatik, UAEko Tadej Pogacarri kenduta.

Healy indartsuena izan da eguneko ihesaldian izan diren zortzi gizonen artean, eta, helmugarako 43 kilometro falta zirenean erasoa jo eta gero, garaipen bikaina eskuratu du. Mathieu van der Poel ere izan da ihesaldian, eta, sailkapen nagusian aurretik zituen gizonei atera dien aldea kontuan hartuta, berriro ere jarri da lider.

Testuinguru horretan, zortzi gizonek osatutako ihesaldi batek markatu du etapa; ihesaldi hori gauzatu arte, lehia oso bizia izan da, zortzi ziklista horien eta tropelaren artean, Txirrindulari hauek izan dira lasterketaren buruan: Ben Healy (EF Education), Quinn Simmons (Lidl-Trek), Michael Storer (Tudor), Simon Yates (Visma-Lease a Bike), Mathieu van der Poel (Alpecin-Deceuninck), Eddie Dunbar (Jayco), Will Barta (Movistar) eta Harold Tejada (XDS Astana).

Healyk helmugarako 40 kilometro baino apur bat gehiago falta zirenean egin du aurrera. Helmugarako 20 bat kilometro falta zirenean, ziklista irlandarrak minutu batera zituen Simmons eta Storer, eta ihesaldiko gainerakoak minutu eta erdira zituen.

Klasikoetan ondoen dabiltzan gizonek ere sinatuko luketen etapa eginda, Healyk aldeari eutsi dio, eta meritu handiko garaipena bereganatu du. Sailkapen nagusiko lehian ari direnen artean, Pogacarrek zeharkatu du aurrena helmuga, Vingegaard (Visma-Lease a Bike) atzetik zuela. 2025eko Euskal Herriko Itzulian Gernika-Lumoko etapan eta 2023ko Italiako Giroan Fossombronen nagusitu zen txirrindulariak aurrenekoz lortu du garaipen bat Tourrean.

Ostiralean, hilaren 11n, 112. Frantziako Tourreko 7. etapa jokatuko da. Lasterketa Saint-Malon hasi, eta Mur-de-Bretagne Guerledanen amaituko da, 197 kilometroko ibilbidea egin ostean. EITBk zuzenean emango du: eitb.eus-en, 13:40tik aurrera, eta ETB1en, 15:00etan hasita.

Etapako sailkapena

1 - Ben Healy (EF) 4:24:10

2 - Quinn Simmons (Lidl) + 2:44

3 - Michael Storer (Tudor) + 2:51

4 - Eddie Dunbar (Jayco) + 3:21

5 - Simon Yates (Visma) + 3:24

6 - Will Barta (Movistar) + 3:29

7 - Harold Tejada (XDS Astana) + 3:52

8 -  Mathieu Van der Poel (Alpecin) + 3:58

9 - Tadej Pogacar (UAE) + 5:29

10 - Jonas Vingegaard (Visma) d. b.

Sailkapen nagusia

1 -  Mathieu Van der Poel (Alpecin) 21:52:34

2 - Tadej Pogacar (UAE) + 0:01

3 - Remco Evenepoel (Soudal) + 0:43

4 - Kevin Vauquelin (Arkea) + 1:00

5 - Jonas Vingegaard (Visma) + 1:14

6 - Matteo Jorgenson (Visma) + 1:23

7 - Joao Almeida (UAE) + 1:59

8 - Ben Healy (EF) + 2:01

9 - Florian Lipowitz (Red Bull) + 2:32

10 - Primoz Roglic (Red Bull) + 2:30

Albisteak (7)

Bideoak (1)