Uztailak 16, asteazkena
2025eko Tourraren 11. etaparen profila, ibilbidea eta ordutegia: Tolosa-Tolosa (156,8 km)
EITB
Atseden egunaren ostean, berriro izango da lehia lasterketan. Txirrindulariek bost mendate igo beharko dituzte, hirugarren mailako bat eta laugarren mailako lau. Horietako guztietako hiru jardunaldiko azken berrogei kilometroetan izango dira.
2025eko Frantziako Tourreko 11. etapako profila. Irudia: A.S.O.
Ekitaldi honetako lehenengo atseden eguna atzean utzita, uztailaren 16an, asteazkenean, 2025eko Frantziako Tourreko hamaikagarren etapa jokatuko dute. Jardunaldia Okzitaniako Tolosan hasi eta amaituko da, eta 156,8 kilometroko ibilbidea du. Txirrindulariek bost mendate puntuagarri igo beharko dituzte, laugarren mailako lau eta beste bat, hain zuzen ere azkena, hirugarren mailakoa. Nabarmentzeko modukoa da hiru mendate eguneko azken zatian izango direla, lasterketako azken berrogei kilometroetan.
Lehia 13:15ean hasiko da, eta 17:05etik 17:24ra bitartean amaitu. Berehala, 25,9. kilometroan, Cote de Castelnau d'Estretasfonts izango da, laugarren mailakoa, eta Cote de Montgiscard 111,6.ean dago. Handik oso gutxira, 117.ean, Cote de Corrosanc igoko dute, eta gerora, 142,5.ean, Cote de Vieille-Toulouse. Azkenik, 148. kilometroan, Cote de Pech David hirugarren mailako mendateak estutuko ditu Tolsan garaile irten nahi duten gizonak; izan ere, kilometro bateko baino gutxiagoko igoera da hori, baina gogorra, % 12,4ko malda baitu.
Kontuan izanik hamaikagarren jardunaldi hau atseden egunaren biharamunean jokatuko dutela, baliteke txirrindularien erritmoa oso bizia izatea eta etapa kontrolatzeko gaitza izatea. Egunero bezala, EITBn ikusi ahalko dugu, zuzenean: eitb.eus eta ETB1 15:00etan hasiko dira ematen.
ETAPAKO PROFILA
FITXA TEKNIKOA
Etapa: 11. etapa (uztailak 16, asteazkena)
Ibilbidea: Tolosa-Tolosa
Distantzia: 156,8 km
Hasiera-ordua: 13:15
Amaiera-ordua: 17:05 (47 km/h) | 17:14 (45 km/h) | 17:24 (43 km/h)
Mendiko saria: Cote de Castelnau d'Estretasfonts (4. maila), 25,9. kilometroan; Cote de Montgiscard (4. maila), 111,6. kilometroan; Cote de Corronsac (4. maila), 117. kilometroan; Cote de Vieille Toulouse (4. maila), 142,5. kilometroan; Cote de Pech David (3. maila), 148. kilometroan