16. etapa
Paret-Peintrek irabazi du Mont Ventouxen, eta Pogacarrek erantzun bikaina eman die Vingegaarden erasoei
EITB
Soudal Quick-Step taldeko txirrindulari frantziarrak, etapa garaipena jokatu duten gizonen arteko esprintean, Ben Healy menderatu du; sailkapen nagusiko lehian dabiltzan ziklisten multzoan, Jonas Vingegaardek hainbat aldiz jo du aurrera, baina liderrak sendotasun handiz eutsi dio.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Soudal Quick-Step taldeko Valentin Paret-Peintre txirrindulari frantziarrak 2025eko Frantziako Tourreko hamaseigarren etapa irabazi du, Mont Ventoux mendate mitikoan, asteartean; sailkapen nagusian, ez da aldaketa esanguratsurik izan, eta Tadej Pogacar UAE taldeko ziklista esloveniarrak lider jarraitzen du. Paret-Peintrek, etapa garaipena jokatu duten gizonen arteko esprintean, EF Educationeko Ben Healy menderatu du; sailkapen nagusiko lehian dabiltzan ziklisten multzoan, Visma-Lease a Bike taldeko Jonas Vingegaardek hainbat aldiz jo du aurrera, Mont Ventouxerako igoera gogorrean, baina Pogacarrek sendotasun handiz eutsi dio.
Etapa, beste behin, ikusgarria izan da, eta interes bikoitza izan du zaleentzat. Alde batetik, etapa eskuratzeko borroka izan da, eta hor eguneko ihesaldian sartu diren gizonak izan dira protagonistak; bestetik, atzerago, sailkapen nagusiko aurreneko postuetan dauden ziklisten multzoan, Pogacar eta Vingegaard berriro ere aritu dira nor baino nor gehiago, Tourra ia hasi zenetik ibili direnez.
Horrenbestez, Valentin Paret-Peintrek eskuratu du garaipena Mont Ventouxen; azken metroetan, berriro ere bikain ibili den Ben Healy baino azkarrago ibili da. Movistar taldeko Enric Mas, maila bereziko mendatean, lasterketa buruan izan da, baina Soudaleko frantziarrak, EF Educationeko irlandarrak, Buitragok (Bahrain-Victorious) eta Van Wilder irabazlearen taldekideak harrapatu eta aurreratu egin dute.
Apur bat atzerago, Jonas Vingegaard, bere taldeak ondo lagunduta, saiatu da Tadej Pogacarri denbora murrizten, baina maillot horia soinean duen ziklistak erantzun guztiz egokia eman du; are gehiago, liderrak, helmugan, segundo pare bat atera dizkio danimarkarrari.
2025eko Frantziako Tourrak, asteazkenean, hamazazpigarren etapa izango du jokoan. Bollenen hasi eta Valencen amaituko den 160,4 kilometroko jardunaldia izango da, eta baliteke, bertan, esprinterrek ekitaldi honetako azken aukera izatea. EITBk, eitb.eus-en eta ETB1en bidez, zuzenean emango du, 15:00etatik aurrera.
Etapako sailkapena
1 - Valentin Paret-Peintre (Soudal) 4:03:19
2 - Ben Healy (EF Education) d. b.
3 - Santiago Buitrago (Bahrain) + 0:04
4 - Ilan Van Wilder (Soudal) + 0:14
5 - Tadej Pogacar (UAE) + 0:43
6 - Jonas Vingegaard (Visma) + 0:45
7 - Enric Mas (Movistar) + 0:53
8 - Julian Alaphilippe (Tudor) + 1:17
9 - Primoz Roglic (Red Bull) + 1:51
10 - Florian Lipowitz (Red Bull) + 1:53
Sailkapen nagusia
1 - Tadej Pogacar (UAE) 58:24:46
2 - Jonas Vingegaard (Visma) + 4:15
3 - Florian Lipowitz (Red Bull) + 9:03
4- Oscar Onley (Picnic) + 11:04
5 - Primoz Roglic (Red Bull) + 11:42
6 - Kevin Vauquelin (Arkéa) + 13:20
7 - Felix Gall (Decathlon) + 14:50
8 - Tobias Halland Johannessen (Uno-X) + 17:01
9 - Ben Healy (EF Education) + 17:52
10 - Carlos Rodriguez (INEOS) + 20:45