Itxi

18. etapa

Ben O'Connorrek irabazi du Tourreko etapa nagusia, eta Pogacarrek lasterketako indartsuena dela berretsi du

EITB

Leer en Castellano

Jayco AlUla taldeko australiarrak, lehenik, faboritoen multzoan berarekin zihoazen gainerako gizonak utzi ditu atzean, eta, hamalau kilometro gelditzen zirela, Einer Rubiorekin zihoala, aurrera egin du. Sailkapen nagusian, Oscar Onleyk 22 segundora du hirugarren postuan jarraitzen duen Lipowitz.

Ben O'Connor bigarrenez gailendu da Frantziako Tourrean. Argazkia: EFE.

Jayco AlUla taldeko Ben O'Connor txirrindulari australiarrak 2025eko Frantziako Tourreko hamazortzigarren etapa irabazi du, alegia, hainbaten iritziz lasterketako 112. ekitaldiko etapa nagusia, Col de la Lozen, Alpeetan, ostegunean. Sailkapen nagusiari dagokionez, aurreneko postuetan ez da nabarmentzeko moduko aldaketarik izan, eta UAE taldeko Tadej Pogacar ziklista esloveniarrak lider jarraitzen du, oso nabarmenduta. O'Connorrek, lehenik, faboritoen multzoan berarekin zihoazen gainerako gizonak utzi ditu atzean, eta, hamalau kilometro gelditzen zirela, Movistarreko Einer Rubiorekin zihoala, aurrera egin du. Sailkapen nagusian, hori bai, Picnic-PostNL taldeko Oscar Onleyk 22 segundora du hirugarren postuan jarraitzen duen Red Bull-BORA taldeko Florian Lipowitz.

Ben O'Connor, 29 urtekoa bera, bigarrenez gailendu da Tourrean; hain zuzen, 2021ean ere eskuratu zuen etapa garaipen bat. Jaycoko txirrindulariak bikain irabazi du: lehenik, faboritoen multzoan berarekin zihoazen gainerako ziklistak utzi ditu atzean; eta gerora, helmugarako hamalau kilometro falta zirela, Rubiorekin ihes eginda zebilela, erabakigarria izan den erasoa jo du.

Alpeetako lehenengo etapan, ziurrenik 112. Frantziako Tourreko gogorrena izan da, INEOSeko Carlos Rodriguez, alegia, sailkapen nagusiko hamargarren tokian zegoen gizona, ez da irten, eta Movistarreko Enric Masek, tarte batean lasterketa buruan ibilita, proba utzi du. Col du Glandon eta Col de la Madeleine eginda, eta Col de la Loze aurretik zutela, zazpi ziklista zebiltzan gainerako guztien aurretik: Pogacar, Vingegaard, Jorgenson, Roglic, O'Connor, Rubio eta Gall. Lipowitz, sailkapen nagusiko hirugarrena bera, 45 segundora zihoan, 50 kilometro gelditzen zirela, eta Onley, etapa hasi baino lehen laugarren postuan zebilen gizona, bost minutu eta erdi ari zen galtzen. Vauquelin are atzerago zen.

Col de la Loze igotzen hasi aurretik, Jorgenson, O'Connor eta Rubio zebiltzan ihes eginda, eta gizon horiek minutu batetik gorako abantaila zuten Lipowitzekiko; Pogacarren eta Vingegaarden multzoa apur bat atzerago zihoan, bi minutu pasatxo galduta une horretan. Dagoeneko azken mendatea igotzen ari zirela, Ben O'Connorrek erasoa jo du, eta Einer Rubio atzean uztea lortu; sailkapen nagusiko lehian dabiltzan gizonen multzoan, Visma erritmo bizia ari zen jartzen, Vingegaardi laguntza eman nahirik.

O'Connorren ausardia giltzarria izan da; izan ere, horrek eta erakutsi duen indarrak garaipena eman diote, txirrindulari australiarrari. Bikain aritu da Col de la Lozen. Tourreko indartsuenen multzoan, lehia, maillot horiarekin lotuta baino, ohorezko postuetan izan da. Itxuraz, Tadej Pogacarrek ez du aparteko arazorik izan Jonas Vingegaarden erasoei egoki erantzuteko; are gehiago, azken kilometroan Visma-Lease a Bike taldeko danimarkarra apur bat atzean uztea lortu du. 

Ostiralean, 2025eko Frantziako Tourreko hemeretzigarren etapa izango da jokoan. Lasterketak Alpeetan jarraituko du, eta, berriro ere, oso gogorra izango da jardunaldia. Eguna Albertvillen hasiko da, eta, 129,9 kilometro eginda, La Plagnen amaitu; txirrindulariek, besteak beste, maila bereziko bi mendate, azkena, La Plagne, helmuga duena, eta lehen mailako bat ere igo beharko dituzte. 14:55ean, eitb.eus-en emanaldia hasiko da, eta ETB1ekoa, ordea, 15:00etan.

Etapako sailkapena

1 - Ben O'Connor (Jayco) 5:03:47

2 - Tadej Pogacar (UAE) + 1:45

3 - Jonas Vingegaard (Visma) + 1:54

4 - Oscar Onley (Picnic) + 1:58

5 - Einer Rubio (Movistar) + 2:00

6 - Felix Gall (Decathlon) + 2:25

7 - Primoz Roglic (Red Bull) + 2:46

8 - Adam Yates (Visma) + 3:03

9 - Tobias Halland Johannessen (Uno-X) + 3:09

10 - Sepp Kuss (Visma) + 3:26

Sailkapen nagusia

1 - Tadej Pogacar (UAE) 66:55:42

2 - Jonas Vingegaard (Visma) + 4:26

3 - Florian Lipowitz (Red Bull) + 11:01

4- Oscar Onley (Picnic) + 11:23

5 - Primoz Roglic (Red Bull) + 12:49

6 - Felix Gall (Decathlon) + 15:36

7 - Kevin Vauquelin (Arkea) + 16:15

8 - Tobias Halland Johannessen (Uno-X) + 18:31

9 - Ben Healy (EF Education) + 25:41

10 - Ben O'Connor (Jayco) + 29:19

Albisteak (4)

Bideoak (1)