3. etapa
Lorena Wiebesek irabazi du Angerseko esprinta, eta Marianne Vosek maillot horia berreskuratu du, Tourrean
EITB
SD Worx-Protime taldeko txirrindulari herbeheretarra, Europako egungo txapelduna bera, aurrenekoz gailendu da 32. Frantziako Tourrean; sailkapen nagusian, Visma-Lease a Bikeko herbeheretarra larunbateko etapan eskuratutako lehen postura bueltatu da.
Lorena Wiebes, artxiboko irudian, beste garaipen bat lortuta. Argazkia: EFE.
SD Worx-Protime taldeko Lorena Wiebes txirrindulari herbeheretarrak 2025eko Frantziako Tourreko hirugarren etapa irabazi du, esprintean, astelehenean, Angersen; sailkapen nagusian, Marianne Vos Visma-Lease a Bike taldeko ziklista herbeheretarrak lehenengo postua berreskuratu du. Wiebes, Europako egungo txapelduna eta munduko esprinterrik onenetakoa bera, aurrenekoz gailendu da 32. Frantziako Tour honetan.
Hirugarren etapan, hainbat txirrindulariri eragin dien eroriko batek esprinta baldintzatu du; tartean, FDJ-Suez taldeko Demi Vollering jauzi da. Sailkapen nagusira ez du ondoriorik ekarri, jardunaldiko azken zatian izan baita, baina ikusi beharko dugu aurrerantzean nolako sasoia darabiltzaten zenbait txirrindularik. Oraingoz, etapak nabarmentzeko moduko baja bat utzi du; izan ere, UAEko Elisa Longo Borghinik, duela bi aste Italiako Giroa irabazita, ezin izan du irteeran izan.
Euskal txirrindularitzari dagokionez, Ane Santesteban 29. postuan dago, Vos 01:49ra duela; Usoa Ostolaza 50. tokian dabil, 07:53ra du lehen postua, eta Idoia Erasok 18:54ra su liderra. Asteartean, laugarren etapa jokatuko dute, Saumur-Poitiers, 130,7 kilometrokoa.
Etapako sailkapena
1 - Lorena Wiebes (SD Worx) 3:41:47
2 - Marianne Vos (Visma) d. b.
3 - Ally Wollaston (FDJ) d. b.
4 - Megan Jastrab (Picnic) d. b.
5 - Liane Lippert (Movistar) d. b.
6 - Shari Bossuyt (AG Insurance) d. b.
7 - Eline Jansen (VolkerWessels) d. b.
8 - Katarzyna Niewiadoma (Canyon) d. b.
9 - Noemi Ruegg (EF) d. b.
10 - Lucinda Brand (Lidl) d. b.
Sailkapen nagusia
1 - Marianne Vos (Visma) 8:19:06
2 - Kimberley (Le Court) Pienaar (AG Insurance) + 0:06
3 - Pauline Ferrand-Prévot (Visma) + 0:12
4 - Katarzyna Niewiadoma (Canyon) + 0:16
5 - Lorena Wiebes (SD Worx) d. b.
6 - Demi Vollering (FDJ) + 0:19
7 - Anna van der Breggen (DS Worx) + 0:21
8 - Puck Pieterse (Fenix) d. b.
9 - Pauliena Rooijakkers (Fenix) + 0:25
10 - Niamh Fisher-Black (Lidl) d. b.