2013 denboraldia
Romain Sicard, Tourrari begira
Erredakzioa
Hazparnen jaiotako txirrindularia Mikel Nieve eta Igor Antonekin batera arituko da Frantziako Itzulian.
Euskaltel Euskadi txirrindulari-taldeak erritmo onean lanean jarraitzen du urtarrilaren 11z geroztik Vila Joiosan egiten ari den kontzentrazioan, eta Igor González de Galdeanok egun hauek hartu ditu taldekideen egutegia zehazteko. Duela astebete, taldea Euskaltelen egoitzan aurkeztu zenean, ziurtatu zuen Samuel Sanchezek Italiako Giroa duela erronka, eta Igor Anton eta Mikel Nieve Frantziako Tourrean izango direla; bada, Costa Blancako egonaldian baieztatu du Romain Sicard ere bi eskalatzaileekin batera izango dela Frantziako 100. itzulian .
Arabar manager nagusiaren asmoa da Hazparneko etorkizun handiko txirrindulari horrek —2009an Etorkizuneko Tourra eta 23 urtez azpikoen munduko txapelketa irabazi zituen— egutegi zorrotz bat betetzea, Frantzia ardatz izango duena, eta lehen aldiz parte hartzea Grande Boucle-n. Paris Nice, Nazioarteko Criteriuma, Euskal Herriko Itzulia eta Romandiako Itzulia izango dira, besteak beste, kanpainaren lehen zatiko erronkak; bigarrenean daude, era berean, Dauphiné Libéré eta Frantziako Tourra. Frantziar zaleek interes handia dute Sicarden progresioan, eta 2013an maiz ikusi ahal izango dute beren errepideetan.
2010ean World Tourren debut ona egin ondoren (oso erregularra izan zen, eta Dauphiné Libéré ospetsuan etapa bat irabazteko zorian egon zen), 2011 urte zaila izan zuen, eta ia ez zuen lehiatzerik izan, pedalei eragitea eragozten zion lesio bat izan zuelako eskuineko hankan. 2012an, pixkanaka maila berreskuratzen joan zen, eta Espainiako Itzulian parte hartu zuen, non 5. sailkatu baitzen azken-aurreko etapan, Bola del Mundon amaitu zenean.
Errehabilitazio-, esfortzu- eta bakarkako entrenamendu-ordu asko izan dira, non pazientzia eta bere ohiko mailara itzultzeko konfiantza nabarmendu baitira, eta hori da Romain Sicarden eguneroko bidea.