Itxi

Aurkezpen ofiziala

Mendiko etapek protagonismo berezia izango dute 2014ko Tourrean

Erredakzioa

Alpeez eta Pirinioez gain, Vosgoetako mendigunea ere igo beharko dute. Pirinioetako etapak uztailaren 22an, 23an eta 24an izango dira eta Bagneresen, Saint Laryn eta Hautacamen bukatuko dira.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Frantziako Tourraren 2014ko edizioak mendiko etapen aldeko apustu argia egin du, eta, aldiz, erlojuaren kontrako inoiz baino kilometro gutxiago izango ditu. Vosgoetako mendigunea Tourreko ibilbidearen barruan sartu izana da mendiaren aldeko apustu horren adierazle nagusia; gauzak horrela, hiru izango dira igo beharreko mendiguneak: Alpeak, Pirinioak eta aipatatutako Vosgoak.

"Hemendik aurrera, Tourrak hiru mendigune izango ditu. Vosgoak, Alpeak eta Pirinioak bezain erabakigarriak dira", azaldu du Christian Prudhomme Tourreko zuzendariak, ibilbidearen aurkezpenean.

2014ko Frantziako Tourra uztailaren 5ean hasiko da Britainia Handian; Leeds hirian, hain zuzen. Lehen hiru etapak Ingalaterra aldean egingo dituzte. Erlojuaren kontra ondo ibili ohi diren txirrindulariek azken aurreko etapa arte itxaron beharko dute, erlojupeko bakarra izango baita 2014ko edizioan. Parisera iritsi aurretik, 54 kilometroko erlojupekoa korrituko baitute Bergerac eta Périgueux artean.

Antolatzaileek mendiko etapak gogortu egin dituzte, Nairo Quintana iazko sailkapeneko bigarrenaren mesederako. Izan ere, Proudhommek itxaropen handiak ditu kolonbiarrarengan, lasterketan ikuskizuna emateko.

"2013ko ezustekoa berak eman zuen, eta 2014ko edizioko ibilbidean, bai Nairok, bai gainontzeko kolonbiarrek kilometro asko dituzte nazioartean maisu direla erakusteko", azpimarratu du Tourreko zuzendariak.

Proudhommeren ustez, 2014ko Tourraren amaierari begira "gauza gutxi aurreikus daitezke" eta ezusteko ugari emango dira ibilbidean zehar.

Esprinterrentzako hasiera aproposa

Lehen jertse horia esprinter batek janztea aurreikusita dago, baina bigarren etapatik aurrera aldapak izango dituzte ibilbidean. Bigarren etapa "Liege-Bastogne-Liege ingelesa" izendatu du Proudhomme zuzendariak.

Ondoren, tropelak Londresera egingo du, kontinentean Le Touquet-etik sartu aurretik. Etapa laua izango da, baita hurrengo egunean Lillen amaituko dena ere.

Bosgarren etapan berriz, Paris-Roubex klasikoaren ibilbidearen 15 kilometro egingo dituzte, eta tarte horretan ohikoak izaten diren istripuak eta matxurak izatea espero dute.

Vosgoseko mendigunea

Vosgozeko mendigunera iritsi aurretik, trantsiziozko bi etapa izango dira.

Vosgosetako lehen etapa Gerardmerren amaituko da, eta hiru mendate ditu azken 30 kilometroetan. Helmugarako azken bi kilometroak aldapan gora dira eta % 10eko malda dute.

Hurrengo egunean, Tourrak atseden apur bat hatzeko aukera izango du uztailaren 14an Planche des Belles Filles igo aurretik. Mendateak % 8,5eko batez besteko malda du.

Alpeak

Alpeetara bidean beste bi etapa lasaiak izango dituzte. Horien osteko bi etapak aldapan gora amaituko dira, bata Chamboroussen, 18,2 kilometroko igoera eta % 7,3 aldaparekin; eta bestea, Risoulen, 12,6 kilometroko igoera eta % 8,3ko aldaparekin.

Pirinioak

Etapa lau bat korritu eta atsedenerako egun bat hartu ondoren iritsiko da Tourra Pirinioetara. Bertan hiru etapa lehiatuko dituzte, zein baino zein gogorragoa. Lehenengoa izango da luzeena, 237 kilometro, eta Portet d'Aspet igoko dute, Bagnères de Luchoneko helmugatik 22 kilometrora.

Hurrengo egunean, lau mendate igoko dituzte: Portillon, Peyresourde, Val Loaron-Azet eta Pla d'Adet.

Igotzaileek hurrengo egunean izango dute azken aukera, Tourmaletera eta Hautacamera igoerekin, helmuga azken mendate horretan izango da.

Erlojupekoa eta Pariseko azken etapa

Périgueux-eko erlojupekoa izango da sailkapen nagusian aldaketak eragingo dituen azken etapa, uztailaren 27an Parisera iritsi aurretik.

 

 

Albisteak (1)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (2)