Frantziako gonbidapenak
Cofidis, IAM Cycling, NetApp-Endura eta Bretagne, Frantziako Tourrera
Erredakzioa
Ez da sorpresarik egon Frantziako Tourra, Paris-Niza eta Dauphiné lasterketetan aritzeko gonbidatutako taldeen artean.
ASOk banatutako gonbidapenek ez dute sorpresarik eragin tropelean. Frantziako Tourrean gonbidatuta arituko diren taldeak espero direnak izango dira. Batetik, ASOk Cofidis gonbidatu du, askotan parte hartu duen kalitatezko taldea: Dani Navarro, Jerome Coppel, Rein Taaramäe, Egoitz Garcia... Horrekin batera, Frantziako taldeen kuota Bretagne-Séché Environnement taldearekin osatuko da. Debuta egingo duen taldeak "apoteositzat" hartu du gonbidapena.
Beste bi talde egongo dira Frantziako Tourrean, Bretainiako taldea baino koska bat gorago. IAM Cycling-ek txirrindulari onak ditu taldean, tartean Sylvain Chavanel, Frantziako errepideak sutan jartzeko oso aproposa. NetApp-Endura taldeak, bere aldetik, ondo erakutsi zuen iazko Vueltan lasterketa handi bat lehiatzeko gai dela.
Lau talde hauek dira ASOko beste bi lasterketetan parte hartuko dutenak. Paris-Niza lasterketara Cofidis, IAM Cycling eta Bretagne joango dira. Dauphine Criteriumean, berriz, Cofidis, IAM Cycling eta NetApp egongo dira.