Uztailaren 5etik 27ra
Ingalaterran aurkeztu dute Frantziako Tourra
Mikel Dominguez
Dena prest dago Frantziako lasterketa Leedsetik (Ingalaterra) abiatzeko, Parisera bidean. Chris Froome eta Alberto Contador dira Tourra irabazteko bi hautagai nagusiak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Frantziako Tourra aurkeztu dute, ofizialki, Leedsen (Ingalaterra). Han hasiko da lasterketa, larunbatean, Parisera uztailaren 27an heltzeko. Chris Froome (Sky), azken txapelduna, eta Alberto Contador (Tinkoff-Saxo), sailkapen orokorra irabazteko bi faborito nagusiak dira. Bi taldeen arteko borroka estua espero da, Frantziako lasterketako 21 etapetan zehar. Etapa bakoitza zuzenean emango dute ETBk eta eitb.com-ek.
Irteera handia Ingalaterran izango da. Esprintean bukatuko diren bi etapek eta egun zoroa bilakatu daitekeen klasika moduko batek ongietorria emango diote Tourrari Britainia Handian. Mark Cavendish (Omega Pharma-Quick Step) etxean horiz janztea izango du helburu. Gero, ibilbide on bat izango dute aurrean txirrindulariek. Tartean, harbidearen etapa gogorra, Alpeetako diptikoa eta Pirinioetako bukaera erabakigarria. Amaiera bezala, erlojupeko bat izango da sailkapen orokorreko azken epailea, Parisera heldu baino lehen.
Froome eta Contadorrez aparte, beste txirrindulari batzuk borrokara gehitu nahi izango dute, Andrew Talanskyk (Garmin-Sharp) Dauphinen egin zuen bezala: Alejandro Valverde (Movistar), Vincenzo Nibali (Astana), Rui Costa (Lampre-Merida), Tejay Van Garderen (BMC), Joaquim Rodriguez (Katiuxa) edota Michael Kwiatkowski (Omega Pharma-Quick Step). Fabian Cancellarak (Trek) eta Tony Martinek (Omega Pharma-Quick Step) bizirik heldu nahi izango dute erlojupekora, baita harbidezko etapara ere. Gizon azkar eta ehiztariez osatutako zerrenda luze batek osatzen du parte hartze bikaina. Esprintetan, aipatutako Canvendishez aparte, Andre Greipel (Lotto-Belisol); Giant-Shimanoko bikotea, Marcel Kittel eta John Degenkolb; Peter Sagan (Cannondale), edo Arnaud Demare (FDJ), kasu.
Movistarrek eta Skyk eramango dituzte euskal txirrindulari gehien: Beñat Intxausti, Ion Izagirre eta Imanol Erviti lehenengoek, eta Mikel Nieve, David Lopez eta Xabier Zandio bigarrenek. Haimar Zubeldia eta Markel Irizar Cancellara eta Schleck anaien alde jarriko dute, Trek taldean, euren eskarmentu guztia. Egoitz Garciak (Cofidis) osatzen du zerrenda. Guztira, euskal talde bat osatzeko nahiko: bederatzi.