Zazpigarren etapa
Frantziako Tourra: Chavanelek etapa eta elastiko horia berriro
Erredakzioa
Quick Stepeko txirrindulari frantziarrak bere bigarren etapa-garaipena lortu du eta Arenbergeko harbidean galdutako elastiko horia berreskuratu du. Juanma Garate hirugarren izan da.
Sylvain Chavanel frantziarrak, Quick Step taldekoak, etapa irabazi eta maillot horia berreskuratu du, Tournus eta Station des Rousses arteko (165 kilometro) Alpeetako lehen egunean bakarka erakustaldia egin ondoren. Faboritoak ez dira borrokan sartu eta sailkapen nagusian aldea mantendu dute.
Chavanel bikain aritu da Station des Roussesko tontor berriaren igoeran, helmugara bakarrik heltzea ahalbidetu dion erasoa eginda, nahiz eta Rafa Valls (Footon Servetto) espainiarraren jazarpen gogorra eduki duen, izan ere, 57 segundora iritsi da. Hirugarren postua Juanma Garatere euskaldunarentzat (Rabobank), 1.27ra.
Faboritoak, erasorik egin gabe, 1.47ra iritsi dira. Erasorik ez egiteko ituna. Inor ez da saiatu, ezta Cadel Evans ere, sei mendate (horietako hiru, bigarren mailakoak) zituen ibilbide hori harentzat bikaina bazen ere. Hierarkek Alpeetako etapa nagusirako utzi dute norgehiagoka, Igandean Avoriazen. Fabian Cancellara suitzarra azukre koxkor baten moduan urtu zen eta urrezko jantziari agur esan zion helmugan 13 minutu baino gehiago utzita.
Dena den, batzuei falta izan zaien lehiarako jarrera soberan izan du Chavanelek, podiumera itzuli baita horiz janztera. Sailkapenaren buruan dago Evansen (BM) aurretik 1.25era eta Ryder Hesjedal (Garmin) kanadiarraren aurretik 1.32ra, sailkapenean bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Andy Schleck, Alexandre Vinokurov eta Alberto Contador hurrengoak dira sailkapenean, hurrenez hurren, minutu erdiko tartean.
Beroak, antza denez, kalte egin du. "Oso egun gogorra izan da, 10 litro ur edan ditut behintzat. Higadura-etapa izan dela uste dut, denok geunden biharko arrakastaren bila", azaldu du Contadorrek.
Tourra Alpeetan sartu da; mendiek historiari buruz hitz egiten dute eta hoberenek, podiumera igotzeko hautagaiek, nortzuk diren erakusten dute. Alpeetako lehen atala nahiko arina zen; erdi-mailako mendia zela ere esan genezake. Contadorren lurraldea omen zen, baina madrildarrak ez ditu erantzukizunarekin zerikusia duten kontuak entzun nahi. Ez berea, ez bere taldearena. Azken aste erabakigarri horretan Pirinioak iritsiko dira argi eta ozen hitz egiteko.
Hasteko, hiru mendate, txikikeriak, ihesi zihoan bostekoak beren elastikoak erakusteko bideak baino ez dira izan. Taldeari lotu zitzaion baita Ruben Perez nafarra, beti bezala, aukera onen noiz iritsiko zain. Bere ondoan frantziar bi eta alemaniar bi zihoazen: Jerome Pineau (Quick Step), Samuel Dumoulin (Cofidis), Christian Knees (Milram), eta Danilo Hondo (Lampre), hurrenez hurren. Asko iraungo ez zuen ihesaldia zirudien, 8 kilometrotik gorako abantaila izan badute ere une jakin batean.
Station des Roussesen lehenengoz jarri den helmugara iritsi bitartean zeuden beste hiru mendateak gogorragoak izan dira. Bigarren mailakoak denak eta etapako azken 60 kilometroetan kokatuak. Col de la Croix de la Serra mendatera (134. kilometroan) igotzen hasi bezain laster, Ruben Perez eta Knees atzean geratzen hasi dira. Hortaz, lehen postuetan jarri direnak Pineau (mendiko liderra) eta Danilo Hondo izan dira. Mendatea jaisten hasi aurretik, Radioshackek (Amstrongen taldea) bere gizonak mugiarazi ditu eta honek, aurrealdera joatera behartu du Contador, besteek egiten zutena kontrolatzeko; amarru hutsa.
Col de Lomura mendatean (14 kilometro, %5eko maldarekin) gora hasi direnean, egoerak berebiziko aldaketak izan ditu. Pineauren indarrak gutxitzen hasi dira eta Chavanelek aurrea hartu dio. Horrela, Quick Step taldeko txirrindulariak beste garaipen baterako bide egokia hartu du. Frantziarren artean heroia da Chavanel, joan den Lieja-Bastogne-Lieja Itzulian auto baten aurka talka egin ostean burezurrean zauriak izan eta horietatik horren ondo eta azkar sendatu baita.
31 urte baino ez ditu txirrindulari frantziarrak eta dagoeneko, Tourreko hiru etapa-garaipen eskuratu ditu. Gaurkoan bera izan da, ezkutuan zituen armak une egokian ateratzen jakin duen txirrindulari bakarra. Ez du uste izan, beste zenbaitek bezala, gaurkoa garrantziarik gabeko eguna izango zela eta horren ondorioz lortu duen saria izan da elastiko horia.
7. etapa:
.1. Sylvain Chavanel (FRA-Quick Step) 4h.22:52
.2. Rafael Valls (ESP-Footon-Servetto) + 57
.3. Juan Manuel Gárate (EUS-Rabobank) + 1:27
.4. Thomas Voeckler (FRA-Bbox Bouygues T.) + 1:40
.5. Mathieu Perget (FRA-Caisse d''Epargne) d.b.
.6. Daniel Moreno (ESP-Omega Pharma-Lotto) d.b.
.7. Pierrick Fedrigo (FRA-Bbox Bouygues T.) + 1:47
.8. Ryder Hesjedal (CAN-Garmin-Transitions) d.b.
.9. Rubén Plaza (ESP-Caisse d''Epargne) d.b.
10. Eros Capecchi (ITA-Footon-Servetto) d.b.
- Sailkapen nagusia:
.1. Sylvain Chavanel (FRA-Quick Step) 33h.01:23
.2. Cadel Evans (AUS-BMC Racing) + 1:25
.3. Ryder Hesjedal (CAN-Garmin-Transitions) + 1:32
.4. Andy Schleck (LUZ-Saxo Bank) + 1:55
.5. Alexander Vinokourov (KAZ-Astana) + 2:17
.6. Alberto Contador (ESP-Astana) + 2:26
.7. Jurgen Van Den Broeck (BEL-Omega Pharma) + 2:28
.8. Nicolas Roche (IRL-AG2R) d.b.
.9. Johan Van Summeren (BEL-Garmin-T) + 2:33
10. Denis Menchov (RUS-Rabobank) + 2:35
Sailkapen nagusia.