Zortzigarren etapa
Frantziako Tourra: Andy Schleckek garaipena ostu dio Samuel Sanchezi
Erredakzioa
Biak elkarrekin iritsi dira Morzineko helmugara eta luzemburgarra nagusitu zaio. Faboritoen artean ez da diferentzia handirik izan, baina Armstrongek agur esan dizkio Tourra irabazteko aukerei .
Saxo Bank taldeko Andy Schleck txirrindulari luxemburarrak irabazi du gaur Station des Rosses eta Avoriz-Morzine artean (189 kilometro) korritu den Frantziako Tourreko zortzigarren etapa. Samuel Sanchez (Euskaltel)batera iritsi da helmugara. Cadel Evans (BCM) australiarra da une honetan sailkapen nagusiko lider berria.
Gaurkoa izan da Schleckek Frantziako Tourrean lortu duen lehen etapa-garaipena. Sanchezekin batera ekin dio lasterketako azken txanpako igoerari baina azkenean, asturiarra baino indartsuagoa izan da bukaerako sprintean. Atzetik zuten taldeari (Alberto Contador bertan zetorren) hamar segundoko abantaila atera diote.
Bestalde, Cadel Evans australiarrak liderraren elastiko horia kendu dio Sylvain Chavaneli. Sailkapen nagusian Evans australiarrak hogei segundo ateratzen dizkio bigarren postuan dagoen Andy Schlecki eta, 1:01 hirugarren sailkatuari, Alberto Contadorri.
Bihar txirrindulariek atseden eguna izango dute. Asteartera arte ez da lasterketarik egingo. Orduan korrituko da Morzine-Avoriaz eta Saint Jean de Maurienne lotuko dituen 204,5 kilometroko etapa, bederatzigarrena.