Itxi

Atseden-eguna

Alberto Contador-Andy Schleck: Lehia, bakea eta lehia bikoitza

Jon Lopez

Erredakzioa

Bi txirrindulariek bakea sinatu dute, baina zortzi segundoko alde txikia eta munduko lasterketa entzutetsuena irabazteko aukerak ez dute benetako bakea iragartzen. Borroka izango da, kirol borroka.

Aurtengo Frantziako Tourra historian gorderik geldituko den lehia erakusten ari da. Alberto Contador eta Andy Schleck txirrindulari zaleek sekula ahaztuko ez duten kirol-borroka izaten ari dira. Greg Lemondek eta Laurent Fignonek 89ko Tourrean izan zutenaren parekoa. Orduko horretan, estatubatuarrak zortzi segundoko aldearekin irabazi zion frantziarrari.

Polemika ere badu bataila honek. Andy Schlecki katea irtetearekin batera, hautsak erabat harrotu ziren. Bagneres de Luchonen amaitutako etapa horretan gertatutakoak egunkarietako ehunka orrialde bete ditu eta txirrindularitza zaleak ez direnek ere bere iritzia plazaratu dute. Bolo-bolo dabilen gaia da.

Contadorren bideoa barkamena eskatzen edota Astanako txirrindulariak podiumean entzun zituen txistu eta oihuak bataila honen adierazleetako batzuk dira. Asko dago eta jokoan, Pariseko elastiko hori preziatua.

Contadorrek eta Andy Schleckek, baina, bakea sinatu dute. Espainiarrak gertatutakoagatik barkamena eskatu du eta luxemburgarrak gaia itxi nahi izan du: "Gertatutakoa iragana da eta kitto".

"Tourra ez da erabakiko Balesen gertatutakoagatik, benetako lehia ostegunean izango da. Hitz egin dugu eta ez gaude haserretuta. Honek ez du eragina izango ez gure harremanean ezta Tourraren garapenean ere". Schleckek esana.

Iraupen gutxiko bakea

Contadorrek eta Schleckek sinatutako bakeak, baina, oso gutxi iraungo du. Bihar osteguna Tourmaleten amaituko den etapa heldu da. Historia, pasioa, kemena eta txirrindularitza dario etapa honi. Erabakigarria ere izango da, seguru.

Borrokarako deia luzatuta dago eta Contador eta Andy protagonista izango dira, inolako zalantzarik gabe. Marie-Blanque, Soulor eta Tourmalet mendateek azken epaia emango dute.

Samuel Sánchez, Denis Menchov, Jurgen Van den Broeck, Robert Gesink, ''Purito'', Vinokourov, Hesjedal edota Kreuzigerrek ere zer esana edukiko dute Pirinioetako errepideetan. Ez dira izarrak, baina protagonista nagusi bihurtzeko itxaropena badute.

Leku paregabea lehia paregabe batentzat

Lehia honetarako mendate bat aukeratzerik balego, erantzuna argi legoke: Tourmalet. Desioa beteta. "Itzulera okerreko bidea" izango da lehiaren lekuko. Eta malda gogorrekin batera, euskal txirrindularitza zaleak. Ohi bezala, errepide bazterrak hartuko dituzte milaka eta milaka zalek.

Osteguneko etapa oso-osorik jarraitu ahal izango da ostegun honetan. 12:10etik aurrera errepidean gertatzen den ororen berri emango digute Xabier Usabiagak, Aitor Osak eta Amets Txurrukak.


Informazio gehiago (8)