Uztailaren 1etik 23ra
Froome eta Quintana berriro lehian, azken urteetako Tourrik irekienean
Agentziak | Erredakzioa
Mikel Nieve, Mikel Landa, Ion Izagirre eta Jonathan Castroviejo dira bertan lehiatuko diren euskal txirrindularietako batzuk.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Chris Froome (Sky) Tourreko irabazle hirukoitza eta egungo txapelduna, eta Nairo Quintana (Movistar) dira Frantziako Tourreko 104. edizioko faborito nagusiak. Lasterketa larunbatean hasiko da Dusseldorfen, Alemanian. Hala ere, bi faboritoek ez dute euren onena eman orain arte jokatutako lasterketan, eta, ondorioz, baliteke gainontzeko faboritoek ere aukerak izango dituiztela.
32 urteko Froome laugarren izan da Dauphinen, Tourreko aukerak neurtzeko kontuan izaten den proban, baina britainiarraren palmaresak bere pisua du. Skyko txirrindulariak talde indartsua izango du atzean, eta laugarrenez irabazi nahi du Frantziako lasterketa.
Nairo Quintana, berriz, birritan izan da bigarren eta behin hirugarren Parisen. 27 urte dauzka eta Tourra irabaztea da bere ametsetako bat, 2014. urtean Giroa eta 2016.ean Espainiako Itzulia irabazi ostean. Baina aurtengo Giroan kale egin du, Tom Dumoulin gainditu ezinda.
Richie Porte (BMC) da hirugarren izen handia. Romandiako Tourra irabazi du eta bigarren izan da Criterium Dauphinen. Froomek ?areriorik handiena? dela esan du australiarraz galdetu diotenean.
Ibilbidea 3.540 kilometro ditu, eta mendia da nagusi. Bost etapa mendikoak dira, eta hiruk helmuga aldapan gora dute. Erlojuaren kontrako lehiak protagonismoa galdu du, 38 kilometro egingo dituzte guztira, 14 Dusseldorfeko lehenengo saioan eta 23 Marseillan, Parisera iristeko atarian.
2017ko edizioa Dusseldorfen hasiko da. Laugarrenez aterako da Tourra Alemaniatik, azkena duela 30 urte. Larunbatean 14 kilometroko erlojupekoarekin emango diote hasiera lehiari. Alemaniako zaleak irrikaz daude Tony Martinek, ?Mister Crono?k, lehen liderra izateko aukera handiak dituelako.