Frantziako Tourra, 15. etapa
Bauke Mollemak irabazi du etapa, eta Chris Froomek lider jarraitzen du
Agentziak | Erredakzioa
Mikel Landak, berriz, sailkapen nagusiko bosgarren postua galdu du, eta seigarren da orain, asteleheneko azken atseden egunaren atarian.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Bauke Mollema holandarrak irabazi du Frantziako Tourreko 15. etapa. Txirrindulariek 189,5 kilometroko ibilbidea egin dute Laissac-Sévérac l'Église eta Le Puy-en-Velay artean. Mollemak Tourrean lortzen duen lehen garaipena da gaurkoa. Sailkapen nagusiari dagokionez, Chris Froomek lider jarraitzen du.
Mollemak Col de Peyra Tailladeko jaitsiera aprobetxatu du erasoa jo eta bere iheskideak atzean uzteko, helmugatik 15 kilometrora. Trek taldeko holandarra bakar-bakarrik sartu da helmugan. Ondoren, faboritoak talde berean sartu dira, denbora berean, Nairo Quintana izan ezik. Kolonbiarrak Chris Froome liderrak baino ia lau minutu gehiago behar izan ditu helmugaratzeko.
Hurrengo etapa, 16.a, asteartean jokatuko dute, asteleheneko atseden egunaren ostean. 165 kilometro egingo dituzte Puy-en-Velay eta Romans-sur-Isere artean, eta bi mendate gainditu beharko dituzte ibilbidean, lasterketako lehen zatian: hirugarren mailakoa bata eta laugarren mailakoa bestea.