4. etapa
Bigarren etapa garaipena Fernando Gaviria kolonbiarrarentzat
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Quick Step taldeko txirrindularia Saganen (Bora) eta Greipelen (Lotto) aurretik sartu da Sarzeau hiriko helmugan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Fernando Gaviria kolonbiarrak irabazi du astearte honetan jokatu den Frantziako Tourreko laugarren etapa, 195 kilometroko ibilbidea bete ostean. Quick Step taldeko txirrindularia Peter Sagan (Bora) eta Andre Greipel (Lotto) baino azkarragoa izan da Sarzeau herriko helmugako esprintean.
Lau txirrindulari egon dira denbora luzez ihes eginda etapan, baina tropelak kilometro baten faltan harrapatu du bertako azken iheskidea. Honako hauek izan dira ihesean ibili diren txirrindulariak: Dimitri Claeys eta Anthony Perez (Cofidis), Jerome Cousin (Direct Energie) eta Guillaume Van Keirsbulck (Wanty-Groupe Gobert).
Horrenbestez, Gaviriak bigarren garaipena lortu du aurtengo Tourrean, berak eskuratu baitzuen lasterketako lehen etapa ere.
Sailkapen nagusiari dagokionez, Greg Van Avermaet belgikarrak (BMC) lider jarraitzen du, Tejay Van Garderen (BMC) taldekidearen eta Geraint Thomas (SKY) britainiarraren aurretik.
Asteazkenean, bosgarren etapa lehiatuko dute txirrindulariek, Lorient eta Quimper artean, 214,5 kilometroko ibilbidean zehar.