Itxi

Atseden eguna

'Podiumean bukatzea eta etapa bat irabaztea' dira Landaren helburuak

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Bizkarreko mina Tourreko bigarren atseden egunean osatzea espero du Movistarreko txirrindulariak, Pirinioak baino lehen. 6. dago sailkapen nagusian.

Mikel Landa, Frantziako Tourraren 9. etapan / EFE.

Mikel Landak (Movistar) Tourreko bigarren atseden egunak Roubaixen erori zenetik bizkarrean daukan mina kentzeko balio izatea espero du. "Podiumean bukatzea" eta "etapa garaipen bat lortzea" dira bere helburuak.

"Carcasonako etapan hobekuntza igarri nuen bizkarrean, eta arazorik gabe korritu nuen, eta espero dut atseden eguna behin betikoa izatea Pirinioei ondo ekiteko", esan du entrenatu baino lehen.

Zaleen aldetik izango duten "laguntzak" ere adore ematen dio Pirinioetako etapak hasi baino lehen. Gainera, ondo ezagutzen du ingurua, prestaketa lanaren zati bat bertan egin du eta. Sailkapen nagusian daukan egoera gogorarazi du Landak.

Seigarren postuan dago, Geraint Thomas liderrarengandik 3' 42''-ra, eta Nairo Quintana taldekidea zortzigarrena da, 4' 23''-ra.

"Saiatzen jarraituko dugu, eta uste dut Tom Dumoulin (Sunweb) eta Primoz Roglic (Lotto Jumbo) ere laguntzeko prest egon beharko lirateke”, esan du Landak.

Gianni Mosconen (Sky) kanporaketari buruz ere hitz egin du arabarrak. Berak "arazorik ez" duela izan esan du, eta "tipo ona" dela gehitu du. "Balio anitzeko gizon garrantzitsu bat galdu dute, ordekan zein igoeretan lan handia egiten duena; beraz, taldea apur bat ahulagoa izango da", esan du.

"Haiengandik urrun hasi genuen, baina hirugarren eta azken astean beti ondo joan zaigu. Aurreko astean ezin izan duguna egin saiatuko gara egiten", esan du, itxaropenez.

Skyn bi taldeburu egoteaz ere komentatu du Landak: Thomas eta Froome. "Ez dakit nola eramango duten, baina orain arte bakea dagoela dirudi. Biek anbizio handia dute, bat Tourra irabazteagatik eta bestea bere bosgarren Tourra irabazteagatik. Momenturen batean bakoitzaren egoa agertuko da", aztertu du.

Pirinioetako etapa bat 65 kilometrokoa baino ez da izango, eta beste biak, aldiz, 200 kilometrotik gorakoak.

"Etapa laburra berritasuna da, eta gogoak ditugu zerbait egiteko. Luzeetan, batez ere azkenean, sailkapenean aurrean dagoen jendeak indarrak gorde nahiko ditu erlojupekorako. Ez dakigu zer gertatuko den", gehitu du.

Albisteak (3)