4. etapa
Vivianirentzat garaipena Nancyko esprintean
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Italiarrak Tourreko laugarren etapa irabazi du, eta, hartara, hiru handietan garaipenak dituzten txirrindularien artean sartu da.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Elia Viviani (Deuceninck - Quick Step) italiarrak Frantziako Tourrean erdiesten duen lehendabiziko garaipena lortu du astearte honetan, Nancyko esprintean nagusi izan ostean. Haren atzetik sartu dira Alexander Kristoff (UAE) norvegiarra eta Caleb Ewan (Lotto Soudal) australiarra.
Quick-Stepek jarraian lortzen duen bigarren garaipena izan da gaurkoa, bezperan Julien Alaphilippe frantziarrak erakustaldia emanda bereganatu baitzuen etapa, eta, bide batez, liderraren elastikoa jantzi zuen.
Reims eta Nancy artean lehiatutako etapa (213,5 kilometro) esprintean amaitu da aurreikuspenak beteta, eta ez du inolako aldaketarik eragin sailkapen nagusian. Eguneko ihesaldian hiru txirrindulari egon dira sartuta Michael Schär (CCC Team) eta Frederik Backaert eta Yoann Offredo (Wanty - Groupe Gobert), baina helmugatik 16 kilometrora harrapatu dituzte.
Vivianik (30 urte) dagoeneko lortuta zituen etapak beste bi handietan, eta, horrenbestez, Tourrean, Giroan eta Vueltan garaipenak dituzten txirrindularien artean sartu da.
Asteazken honetan, mendi ertaineko etapa bati egingo diote aurre txirrindulariek Saint-Dié-Des Vosges eta Colmar artean (175,5 km). Bosgarren etapako ibilbidean zehar bigarren mailako bi mendate eta hirugarreneko beste horrenbeste igo beharko dituzte. Horietako azkena amaieratik 17 kilometrora dago kokatuta.