Itxi

1. etapa

Kristoff norvegiarra da Tourreko liderra, erorikoz beteriko lehen etaparen ostean

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Euriak erorketa ugari eragin ditu, helmugatik hiru kilometrora jazo den pilaketa bat barne.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Alexander Kristoff (UAE Team Emirates) txirrindulariak irabazi du esprintean amaitu den Frantziako Tourreko lehen etapa, larunbat honetan, Niza inguruetatik korritu den 156 kilometroko ibilbidean. Hortaz, liderraren lehen maillot horia jantzi du norvegiarrak.

Euriak baldintzatu egin du pandemiaren eraginez abuztuan lehiatzen hasi den Tourreko hasierako etaparen zati handi bat. Alabaina, erorikoak ugari izan diren arren, ez du ezbehar larririk eragin, itxura guztien arabera. Txirrindulari guztiek gurutzatu dute helmuga Kristoffen atzetik.

Etapa martxan jarri denetik bertatik izan dira erasoaldiak, eta Fabien Grellier (Total Direct Energie), Michael Schär (CCC Team) eta Cyril Gautier (B & B Hotels-Vital Concept) txirrindulariek berehala jo dute aurrera. Handik ordu erdira, jardunaldiko protagonista nagusiena azaldu da: euria. Iragarrita zegoen eta ez du hutsik egin.

Orduan hasi dira erorikoak gertatzen bata bestearen atzetik, eta etengabeak izan dira zauriren bat edota elastikoa urratuta zuten txirrindularien irudiak: Nairo Quintana, Caleb Ewan, David de la Cruz, Mikel Nieve, Andrey Amador, Julian Alaphilippe edota Miguel Angel Lopez izan dira kaltetuetako batzuk.

Bitartean, iheslariek tropelarekiko lortu duten hiru minutuko aldeak behera egin du Côte de Rimiez mendatetik lehen aldiz igaro direnean. Ondoren, helmugarako 100 kilometro falta zirela, hiru aldiz egin duten zirkuitu batean, ihesaldia neutralizatuta geratu da. 

Gerora, Astanako Omar Frailek eta Gorka Izagirrek tropelaren abiadura bizitu dute azken jaitsieran, baina 'Superman’ Lopez taldekideak ezustekoa izan du.

Izan ere, txirrindulari kolonbiarrak, bere taldekideei jarraituz, bizikletaren kontrola galdu du eta trafiko seinale baten aurka joan da, baina erori gabe. 45 kilometro geratzen ziren, eta lasterketaren buruan estutu behar ote zen ala ez eztabaidatzen ari zirela, tropelak erritmoa jaitsi du arrisku gehiagorik ez hartzeko, eta hala jarraitu dute azken 10 kilometroetaraino.

Hala ere, helmugatik hiru kilometrora gertatutako beste eroriko batek txirrindulari asko lurrean utzi ditu, horien artean Thibaut Pinot (Groupama-FDJ) edo Marc Soler (Movistar Team). Alabaina, nola ezbeharra helmugarako 3 kilometroko pankarta igaro ostean jazo den, etapako denborak neutralizatuta geratu dira, eta une horretara artekoak hartu dira kontuan.

Aurretik, helmugarako 500 metrotik gora faltan jotako esprintaren bitartez Kristoffek etapa bereganatzea lortu du, Tourrean lortzen duen laugarrena, eta, bide batez, elastiko horia jantzi du.

Igande honetan, lasterketak bigarren etapa jokatuko du, berriz ere Nizako errepideetatik (186 km), baina ibilbide zailarekin, hiru mendate luze eta gogor igo beharko baitituzte: Colmiane, Turini eta Col d'Èze.

Albisteak (3)

Bideoak (1)