17. etapa
'Superman' Lopez, indartsuena etapa nagusian; Landak denbora galdu du
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Astana taldeko txirrindulari kolonbiarra sailkapeneko hirugarren postuan kokatu da. Mikel Landa zazpigarren helmugaratu da, irabazlearengandik 1:20ra.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Miguel Angel Lopez (Astana) kolonbiarrak irabazi du asteazken honetan Frantziako Tourreko hamazazpigarren etapa, Grenoble eta Méribel (Col de la Loze) artean (170 kilometro) jokatu dena. Primoz Roglicek (Jumbo-Visma) lidergoa sendotu du, 15 segundoko aldea atera baitio helmugan bere herrikidea den Tadej Pogacarri (UAE)
Lehia ederra izan dute esloveniarrek sailkapeneko lehen postuarengatik, eta, azkenerako, Roglic nagusitu da. Dena den, 'Superman' Lopez lortu du etapako garaipena, Tourrean lortzen duen lehena, azken igoeran emandako erakustaldiarekin. Horrez gain, behin-behineko sailkapen nagusiko hirugarren postura igo da.
Mikel Landak, bere aldetik, denbora galdu du azken igoeran, eta podiumeko aukeretatik aldendu da.
Etapako beste protagonista nagusiak eguneko ihesaldian sartuta egon diren txirrindulariak izan dira, izen handikoak, hala nola Julian Alaphilippe (Deceunick-Quick STEP), Gorka Izagirre (Astana), Richard Carapaz (Ineos), Lennard Kämna (Bora-Hansgrohe) eta Dan Martin (Israel Start-Up Nation). Carapazek iraun du denbora gehien lasterketaren buruan, baina amaierako hiru kilometroren faltan harrapatu egin dute.
Etapak azpimarratzeko moduko beste bi izan ditu, lasterketa utzi behar izan dutenak biek ere. Batetik, Egan Bernal iazko irabazlea, etapa hasi ere ez duena egin. Bestetik, Mikel Nieve, lehen aldiz itzuli handi batetik alde egin duena hura bukatu aurretik, 19 itzulitan parte hartu eta gero.
Ostegun honetan Tourrak Alpeetan jarraituko du 18. etaparekin (Méribel eta La Roche Sur Foro 175 kilometro). Bost mendate izango ditu horietako azkena, maila berezikoa, Montée du Plateau des Gliéres helmugatik 25 kilometrora.