Itxi

21. ETAPA

Pogacar horizko iritsi da Parisera, eta Bennett izan da azkarrena Eliseoko Zelaietan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Esloveniarrak bere lehen Tourra bereganatu du 21 urterekin; Deceuninckeko irlandarrak, berriz, ekitaldi honetako bigarren garaipena eskuratu du, baita elastiko berdea ere.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Tadej Pogacar (UAE Emirates) esloveniarra (21 urte) Frantziako Tourreko urrezko liburuan sartu da, Parisko podiumaren gorengo koska eskuratu eta gero. Parisen horiz amaitu duen historiako bigarren txirrindulari gazteena izan da; izan ere,  haren aurretik dago Henri Cornet frantziarra, 1904an lasterketa eskuratu zuena 20 urte bete gbe zituela.

Nazioarteko tropeleko izar berriak, larunbateko erlojupekoan emandako erakustaldi apartarekin biribildu zuen bere balentria. Gainera, elastiko horiaz gain, beste bi maillot ere erdietsi ditu: mendiko erregearen puntu gorriduna eta gazte onenaren elastiko zuria. Gauza bera lortu duen beste txirrindulari bakarra Eddy Merckxek izan zen 1969an.

Landa, laugarren

Euskal txirrindulariei dagokienez, Mikel Landa (Bahrain) laugarren postuan sailkatu da, irabazlearengandik 5:58ra. Pello Bilbao bere taldekideak 16. postuan bukatu du Tourra. Atzerago geratu dira Gorka Izagirre (22.a), Romain Sicard (31.a), Omar Fraile (60.a), Imanol Erviti (74.a) eta Cyril Barthe (96.a).

Halaber, Erviti nafarrak taldekako sailkapena irabazi du Movistar taldeko bere kideekin batera.

Etapa, Bennetentzat

Sam Bennett (Deceuninck-Quick STEP) irlandarrak irabazi du Frantziako Tourreko azken etapa, Eliseoko Zelaietako esprintean Mads Pedersen (Trek-Segafredo) munduko txapeldunari eta Peter Sagan (Bora-Hansgrohe) eslovakiarrari aurre hartu eta gero.

Sam Bennett, Argazkia: EFE

Deceuninck taldeko txirrindulariaren bigarren etapa garaipena izan da korritzen zuen bere lehen Tourrean, eta, horrez gain, puntukako sailkapeneko elastiko berdea ere bereganatu du irlandarrak.

Albisteak (3)

Bideoak (1)