Itxi

17. ETAPA

Pogacar nagusitu da Peyragudesen, baina ez du Vingegaard aldentzerik lortu

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Esloveniarrak 4 segundo baino ez dizkio atera liderrari helmugako gainsariak direla medio.

Tadej Pogacar garaipena ospatzen. Argazkia: EFE

Tadej Pogacar (UAE) esloveniarrak bere hirugarren garaipena lortu du Frantziako Tour honetan, Peyragudes mendateko helmugan amaitu den 17. etapan, Pirinioetako lehen hitzordu handian. Alabaina, ezin izan dio denborarik atera Jonas Vingegaard (Jumbo-Visma) danimarkarrari, eta hark lider jarraitzen du.

Nahiz eta UAEko txirrindulariak etapa bereganatzea lortu ahal izan duen (Tourrean lortzen duen bederatzigarrena), lau segundoan baino ezin izan du murriztu Jumboko txirrindulariarekiko sailkapen nagusian duen aldea, eta hori helmugako gainsariei esker izan da.

Horrenbestez, orain 2:18ra dago, aurretik bi hitzordu erabakigarri bakarrik falta direla: ostegun honetan, Hautacamekoa; larunbatean, azken erlojupekoa. 

Azken bi Tourretako irabazleak Rafal Majka poloniarraren baja izan du jardunaldiaren hastapenean, aurreko etapan min hartu eta ez baita atera. Aitzitik, geratzen zaizkion hiru taldekideak lanean jarri ditu, eta Vingegaard bakartzea lortu dute Val Louron mendatean gora, batez ere Brandon McNulty estatubatuarrak egindako lan ikaragarriari esker.

Hirurek bat eginda egin dute Val Louroneko jaitsiera eta Peyragudesko azken igoera. Pogacarrek ez du behar adina indarrik izan 8 kilometroko azken igoera zailean saiakerarik egiteko, eta azken metroetako aldapa gogorretara arte itxaron du etapa garaipena eman dion behin betiko eraso kolpea jotzeko. Hri bai, daniarra bere gurpilera iltzatuta zeukala.

Faboritoen artean, Geraint Thomas britainiarrak 2:07 galdu du helmugan, baina sailkapen nagusiko hirugarren postua sendotu du (4:56ra dago orain), Nairo Quintana kolonbiarra 3:32ra helmugaratu baita, eta orain liderrarengandik 7:53ra baitago.

Ostegun honetan, emozio gehiago espero da Pirinioetan, goi mendiko bigarren kapituluarekin. Lourdes eta Hautacam arteko hemezortzigarren etapak (143,2 km) sailkapen nagusiaren borroka handia iragartzen du, bigarren zatian hiru mendate handi (bi maila berezikoak eta bat 1. mailakoa) izango dituena.

17. ETAPAKO SAILKAPENA:

1 - POGACAR Tadej (UAE) 3:25:51

2 - VINGEGAARD Jonas (Jumbo) d.b.

3 - MCNULTY Brandon (UAE) +0:32

4 - THOMAS Geraint (INEOS) +2:07

5 - LUTSENKO Alexey (Astana) +2:34

6 - BARDET Romain (DSM) +2:38

7 - GAUDU David (Groupama) +3:27

8 - VLASOV Aleksandr (BORA) +3:32

9 - MEINTJES Louis (Intermarché) d.b.

10 - QUINTANA Nairo (Arkéa) d.b.

Albisteak (1)

Bideoak (3)