Itxi

LAUGARREN ETAPA

Reusserrek irabazi du Frantziako Tourreko laugarren etapa, eta Vosek lider jarraitzen du

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Mavi Garcia espainiarrak erorikoa izan du bere taldeko autoak eraginda; horrez gain, hainbat matxura mekaniko izan ditu asfaltorik gabeko tarteetan.

Marlen Reusser, laugarren etapako irabazlea. A.S.O./Thomas Maheux

Marlen Reusser SD Worx taldeko txirrindulari suitzarrak irabazi du asteazken honetan jokatu den Frantziako Tourreko laugarren etapa; bere aldetik, Marianne Vos (Jumbo-Visma) herbeheretarrak lider izaten jarraitzen du.

Reusserrek (30 urte) minutu eta 24 segundoko aldea atera zion bigarren sailkatuari, Évita Muzic frantziarrari (FDJ), eta, hala, bere hamahirugarren garaipena lortu du profesional gisa, 2022ko lehendabizikoa.

Txirrindulariek galtzada-harrizko eta asfaltorik gabeko tarteei egin behar izan diete aurre jardunaldian zehar, eta horrek hainbat matxura mekaniko eragin die parte-hartzaileei.

Vos liderra ez da Silvia Perico (Valcar) italiarrarengandik aldendu; izan ere, huraxe baitu une honetan arerio nagusi sailkapen nagusian Katarzyna Niewiadoma poloniarrarekin batera (SRAM Racing).

Etapa amaitu ondoren, ez da aldaketarik izan sailkapeneko lehen postuetan, eta, horrenbestez, Vosek jarraitzen du lehen postuan 16 segundoko aldearekin Perico eta Niewiadomarekiko.

Mavi Garciaren erorikoa

Etapa amaitzeko 13 kilometro falta zirenean, 38 urteko Mavi Garcia (UAE Team ADQ) espainiarra lurrera joan da, bere taldeko autoak atzeko gurpila ukitu dionean. Espainiako txapeldunak bost postu egin du behera sailkapen nagusian, 1:31 galdu baitu liderraren taldearekiko. Ondorioz, 2 minutu eta 26 segundora dago orain. Aipatu erorikoa izan aurretik, gainera, Garciak hainbat aldiz zulatu du bere bizikleta asfaltorik gabeko tarteetan.

 

Albisteak (2)