7. ETAPA
Van Vleutenek 62 kilometrora jo du erasoa maillot horia eskuratzeko
AGENTZIAK| EITB MEDIA
Herbeheretarra bakarrik geratu da sailkapen nagusian, Marianne Vos aurreko liderrari 23 minutu baino gehiago atera ostean. Demi Vollering bigarren da sailkapen nagusian, 3:14 minutura.
Annemiek Van Vleuten Movistar taldeko txirrindulari herbeheretarrak Frantziako Tourreko maillot horia jantzi du zazpigarren etapan erakustaldia emanda (127,5 kilometro), helmugatik 62 kilometrora erasoa jota, Le Marksteingo eski estazio inguruan.
Vosgoetako mendiek Van Vleuteni bultzada eman diote azken-aurreko jardunaldian, Selestatetik abiatu eta lehen mailako hiru mendate hartu dituen etapan.
Eskalatzaile herbeheretarrak Petit Ballonen lehen maldak aprobetxatu ditu bere lasterketa bikainari hasiera emateko.
Demi Vollering (SD Worx) iheskidea atzean utzi du hurrengo igoeran, Col du Platzerwaselen, helmugatik 60 kilometro baino gehiagora.
Bakarka ekin dio orduan Movistarreko kirolariak Grand Ballonako mendateari eta hala helmugaratu da, Volleringi eta Cecilie Ludwigi (FDJ) hiru minutu eta erdi inguru ateraz. Marianne Vos (Jumbo-Visma) herrikideari maillot horia kendu dio, zeinak bigarren etapan horia lortu eta seigarreneraino mantendu duen, orain, sailkapen nagusian 23 minutu baino gehiagora dago.
Van Vleutenek sailkapen nagusiko lidergoa defendatu beharko du, La Planche des Belles Filleseko igoeran, igande honetan emakumezkoen Tourra erabakiko duen etapan (123 kilometro). Volleringekiko 3:14 minutuko abantaila du.