Itxi

TRAMADOLA ERABILTZEAGATIK

2022ko Tourretik kanporatu du UCIk Nairo Quintana

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Debekatuta dagoen tramadol substantzia erabiltzea leporatzen dio txirrindulari kolonbiarrari; alabaina, Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak ez du dopin kasutzat hartzen, eta Quintanak lehiatzen jarrai dezake.

Nairo Quintana. Argazkia: EFE

Nairo Quintana (Arkea Samsic) txirrindulari kolonbiarra 2022ko Frantziako Tourretik at utzi du Nazioarteko Txirrindularitza Elkarteak (UCI), 2019ko martxoaren 1etik debekatuta dagoen "tramadola erabiltzeko debekua urratzeagatik", txirrindularien osasuna eta segurtasuna substantzia horren albo-ondorioetatik babesteko asmoz.

UCIk asteazken honetan plazaratutako oharrean adierazten duenez, Tourra lehiatzen ari zela (uztailaren 8an eta 13an) aipatu txirrindulariak emandako bi odol laginen analisiek tramadola eta bere bi metabolito nagusiak zeudela erakutsi zuten.

Hala, horren aurrean eta UCIren osasun-arauen arabera, txirrindulari kolonbiarra Frantziako Tourretik "deskalifikatuta" geratu da. Quintanak seigarren tokian amaitu zuen sailkapen nagusian, Jonas Vingegaard (Jumbo-Visma) irabazlearengandik 16:33ra amaitu.

UCIren oharrean azaltzen denez, erabaki horren aurka helegitea jar daiteke Kirol Arbitrajeko Auzitegian (TAS) hurrengo 10 egunetan zehar.

2022ko Frantziako Tourrean zehar, guztira 120 odol lagin jaso ziren tramadol programaren barruan.

Lehiaketan tramadola erabiltzeko debekua urratzea arau-haustea da UCIren osasun arauaren arabera, baina "ez da dopinaren aurkako arau-haustea". Halaber, kolonbiarraren lehen arau-haustea denez, UCIk ez du hautaezintzat jo, eta, beraz, "lasterketetan parte har dezake".

Albisteak (2)

Bideoak (1)