Ekainaren 30etik aurrera
'Etapa bat irabaztea', Euskaltel-Euskadiren helburu nagusia
Erredakzioa
Sailkapen nagusiari begira, Samuel Sanchezek ahalik eta posturik altuenean bukatzea nahi dutela azpimarratu du Miguel Madariaga taldeko presidenteak.
Ekainaren 30ean hasiko da aurten Frantziako Tourra, eta, bertan, Euskatel-Euskadiren helburu nagusia "etapa bat irabaztea" dela adierazi du Miguel Madariaga taldeko presidenteak.
Gainera, sailkapen nagusiari begira, Samuel Sanchezek postu ona lortzea nahi dute. Liderra izango da oraingoan ere txirrindulari asturiarra, eta Euskaltel-Euskadik ez du Parisko podiuma baztertu nahi.
Taldea konfirmatuta dago dagoeneko. Samuel Sanchezekin batera, Egoi Martinez, Gorka Verdugo, Amets Txurruka, Ruben Perez, Pablo Urtasun, Mikel Astarloza, Jorge Azanza eta Gorka Izagirre txirrindulariak arituko dira. Alan Perez izango da ordezkoa.
Taldearen beteranotasuna azpimarratzekoa da. Gorka Izagirre, 24 urterekin, da txirrindulari gazteena. Gainerakoek hogeita hamarreko muga gainditu dute jada.
Frantziako Tourra zuzen-zuzenean jarraitu ahal izango da, arratsaldero, ETB-1en eta eitb.com-en.