Atseden eguna
Haimar Zubeldia da itxaropena
Erredakzioa
Tourreko lehen jardunaldiak aztertzeko unea heldu da. Wiggins da orain arte jaun eta jabe eta erorikoek, Samuel Sanchezena batez ere, "hondatuta" utzi dute Euskaltel-Euskadi taldea.
Astearte honetan aurtengo aurreneko atseden eguna da Frantziako Tourrean. Asteazkenean mendateari egin beharko dio aurre tropelak, Grand Colombier handiari hain zuzen ere.
Bederatzi etapa korritu dira dagoeneko eta lehengo analisia egiteko une heldu da. Bradley Wiggins eta bere Sky taldea dira, orain arte, jaun eta jabe. Baina hamaika jardunaldi geratzen dira oraindik ere eta aurretik, Alpeak eta Pirinioak. Sailkapen nagusiko bigarren postuan, 1:53ra, Cadel Evans dago. Australiarrak ez du bere azken hitza esan.
Erorikoek protagonismo handia izan dute lehen jardunaldietan eta Euskaltel-Euskadi taldea "hondatuta" utzi dute. Samuel Sanchezek zortzigarren etapan esan zion agur Tourrari eroriko baten ondorioz eskuineko eskuan eta lepauztaian min hartu eta gero.
Baina ez da Tourra utzi behar izan duen talde laranjako gizon bakarra izan. Samuelek baino kilometro batzuk lehenago Gorka Verdugok egin zuen. Amets Txurrukak lepauztaian haustura dauka eta Mikel Astarlozak ukondoa dislokatuta. Gorka Izagirrek, Egoi Martinezek, Pablo Urtasunek, Jorge Azanzak eta Ruben Perezek Tourrean jarraitzen dute.
Haimar Zubeldiaren lana (Radioshack) azpimarratzekoa da. Gipuzkoarra sailkapen nagusiko seigarren postuan dago, 3:19ra, eta taldearen zama bere gain hartzeko asmoa agertu du. Zubeldiaren helburua ahalik eta posturik altuenean bukatzea da.