Itxi

GARAIPENA ERREPIKATU NAHIAN

Vingegaard eta Van Aert, Jumbo Visma indartsu baten buru

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Herbehereetako taldea iaz txirrindulari danimarkarrak Parisen lortutako garaipena errepikatzeko asmoz aterako da Bilbotik, uztailaren 1ean.

Jonas Vingegaard aurtengo denboraldiko garaipen bat ospatzen. Argazkia: EITBren bideo batetik

Jonas Vingegaard danimarkarra (iazko Tourreko irabazlea) eta Wout van Aert belgikarra (bere herrialdeko erlojupeko txapelketa irabazi du asteburu honetan) izango dira Jumbo Visma taldea Frantziako Tourrean gidatuko duten txirrindulariak, larunbat honetan Bilbon hasi eta uztailaren 23an Parisen amaituko den lasterketan.

Hartara, iazko ekitaldian bereganatu zuen garaipena errepikatzeko erronkan, honako txirrindulari hauen laguntza izango du Vingegaardek: Wout van Aert, Dylan van Baarle, Sepp Kuss, Tiesj Benoot, Christophe Laporte, Nathan van Hooydonck eta Wilco Kelderman.

Jumboren asmoak handiak dira berriro, nahiz eta 2022ko langa oso altua izan.

"Iaz gure ametsik handienak gainditu genituen sei etapa garaipenekin, mendiko maillota eta, are garrantzitsuagoa dena, maillot berdea eta horia erdietsita. Aurten ere handiro ari gara amesten. Gure asmoa maillot horia Parisen janztea da", adierazi du Merijn Zeeman kirol zuzendariak.

Zeemanen arabera, Primoz Roglicek lortutako Giroaren ondoren, taldeak garaipen bikoitza eskuratu nahi du Tourrean.

"Jonas Vingegaard buru duen talde oso indartsua dugu, eta gure planean sinesten dugu. Giroa irabaztea egia bihurtutako ametsa izan da, eta orain gure txirrindulariak prest daude Tourrean berriro irabazteko", adierazi du.

Albisteak (4)