Itxi

110. aldiz jokatuko dute

Vingegaard eta Pogacar, faboritoak Tourra irabazteko; 31 urteren buruan, lasterketa Euskal Herrian hasiko da

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Lehen hiru etapak, Bilbo-Bilbo, Gasteiz-Donostia eta Zornotza-Baiona, Euskal Herrian jokatuko dituzte. 70 mendate puntuagarri izango dira 2023ko Frantziako Tourrean, kopururik handiena 1995etik, eta Cavendishek Tourrean lortutako etapa garaipenen errekorra hausteko aukera du.

Jonas Vingegaard, ostegunean, taldeen aurkezpenean. Argazkia: EFE.

Jonas Vingegaard Jumbo-Visma taldeko txirrindulari danimarkarra, 2022ko Frantziako Tourraren irabazlea bera, eta UAE Team Emirates taldeko Tadej Pogacar esloveniarra, alegia, 2020ko eta 2021eko garailea, faborito nagusiak dira 2023ko Frantziako Tourra irabazteko. Lasterketa uztailaren 1ean hasiko da, Euskal Herrian, Bilbon; izan ere, probako lehen hiru etapak, Bilbo-Bilbo, Gasteiz-Donostia eta Zornotza-Baiona, Euskal Herrian jokatuko dituzte. 1992an, duela 31 urte, hasi zen azkenengoz Tourra Euskal Herrian, Donostian hain zuzen.

2023ko Tourrean, 70 mendate puntuagarri izango dira, Mendiko Sari Nagusirako; 1995etik hona egindako Tourretako markak gaindituko ditu aurtengoak, mendateei dagokienez. Lasterketa gogorra izango da; erlojupekoek, ordea, pisu askoz ere txikiagoa izango dute, kontuan izanik erlojupeko bakarra dagoela, hamaseigarren etapan, 22,4 kilometrokoa. Esprintek ere izango dute xarma, aldiz; izan ere, Astana taldeko Mark Cavendish britainiarrak aukera du hausteko errekor historiko handi bat: Frantziako Tourrean erdietsitako etapa garaipenen marka, hain zuzen. Cavendishek, 38 urtekoa bera, denboraldi amaieran hartuko du erretiroa, eta, orain arte, 34 etapa ditu irabazita Tourrean, Eddy Merckx handiak bezala; hortaz, etapa bat irabaziz gero, errekor berria ezarriko luke Cavendishek.

Euskal txirrindulariraren ikuspegitik, Tour oso berezia da aurtengoa; alde batetik, irteera, "Grand Depart" izenekoa, etxean baita, Euskal Herrian; bestetik, lasterketan izango diren zazpi euskal ziklistak maila oso ona emateko moduan daudelako. Bahrain-Victorius taldeak Mikel Landa eta Pello Bilbao izango ditu buru (murgiarrak seigarren aldiz hartuko du parte Tourrean, eta gernikarrak bosgarrenez); Movistarren, Gorka Izagirre hamargarren aldiz irtengo da Tourrean, eta Alex Aranbururentzat, ordea, bigarren Tourra izango da; INEOSek Omar Fraile eta Jonathan Castroviejo ditu (orain arte, lau eta zortzi aldiz izan dira Tourrean, hurrenez hurren); eta Jon Izagirre (Cofidis) hamargarren aldiz lehiatuko da Frantziako Tourrean.

Sailkapen nagusirako lehia

Tourra uztailaren 23an amaituko da, Parisen. Egun horretan probako azken maillot horia janzteko lehian, aurreikuspena da bi gizon izatea, Tourra irabazi duten azken bi txirrindulariak, hain zuzen. 2022an, Jonas Vingegaard lehen aldiz nagusitu zen Tourrean, Pogacarrekin lehia polita izanda. Danimarkarra, Jumbo bere taldeak bikain gauzatutako estrategia baliatuz, esloveniarrari gailendu zitzaion; azken hori ez zen horren ondo lagunduta ibili, UAEko taldekideen aldetik. Jumbok, Vingegaard ez ezik, beste hainbat ziklista bikain batzuk ere ekarri ditu Bilbora: hemen dira, adibidez, Wout van Aert, Wilco Kelderman edo Sepp Kuss. UAEk, ordea, badu bloke oso sendoa aurten: besteak beste, Marc Soler, Rafal Majka edo Adam Yates hautatu ditu, Pogacarren ondoan izan daitezen.

Vingegaardek lau lasterketa egin ditu aurten, oraingoz. Euskal Herriko Itzulia, Dauphine Kriteriuma eta O Gran Camiño irabazi ditu, baina Paris-Nizan, aldiz, Pogacarrek argi menderatu zuen. Pogacar, baina, baliteke ez izatea erabat ehuneko ehunean Tourraren hasieran; urte hasieran, ezin hobeto ibili zen, eta Paris-Niza, Andaluziako Itzulia, Flandriako Itzulia, Paris-Roubaix Lasterketa eta Amstel Gold Race klasikoa bereganatu zituen; Lieja-Bastogne-Liejan, aldiz, erorikoa izan zuen eta horrek eskafoidean haustura eragin zion; hortaz, Tourrari begira zuen prestaketa hankaz gora jarri zitzaion.

Azken garaipena lortzeko beste hautagai batzuk dira Jai Hindley (BORA-hansgrohe), 2022ko Italiako Giroaren irabazlea bera, David Gaudu Groupama-FDJ taldeko frantziarra, EF Education taldeko Richard Carapaz ekuadortarra eta Egan Bernal kolonbiarra (INEOS), 2019ko Tourraren garailea.

Beste txirrindulari batzuen helburua da azken sailkapen nagusian postu ona lortzea; egoera horretan daude Mattias Skjelmose (Lidl-Trek) danimarkarra (Suitzako Itzuliaren irabazi berri du), eta Enric Mas espainiarra (Movistar). Azken horrek bosgarren egin zuen 202ko Tourrean, eta bigarren 2022ko Espainiako Vueltan.

Wout van Aert belgikarra (Jumbokoa, esan bezala) eta Mathieu van der Poel herbeheretarra (Alpecin-Deceuninck taldekoa da) Bilboko irteeran izango dira. Biak ala biak txirrindulari bikainak dira, eta beti ekartzen diete ikuskizun handia parte hartzen duten lasterketei.

Cavendishek marka historikoa lor lezake

Arestian aipatu bezala, esprintak ere izango dira probako beste arretaguneetako batzuk; izan ere, gerta liteke Mark Cavendishek Tourrean erdietsitako etapa garaipenen errekorra haustea. Horretarako, britainiarrak azken Italiako Giroan egindakoa errepikatu beharko luke, alegia, etapa bat irabaztea, horrekin nahikoa izango luke. Tourrean izandako kirol ibilbideko 35. garaipen hori bereganatzeko, baina, aurkari latzak izango ditu: besteak beste, aurreikuspena da esprintetan ondo aritzea Jasper Philipsen belgikarra (Alpecin-Deceuninck), Christophe Laporte frantziarra (Jumbo-Visma), Mads Pedersen danimarkarra (Lidl-Trek), Fabio Jakobsen herbeheretarra (Soudal-Quick Step) eta Dylan Groenewegen herbeheretarra (Team Jayco Alula), bai eta Caleb Ewan Lotto Dstny taldeko australiarra ere.

Parisen izango den azken helmugako pankartaraino, parte-hartzaileek 3.406 kilometro egingo dituzte, 21 etapatan; horietako zortzi mendikoak izango dira, eta erlojupeko bakarra jokatuko dute. Azken hori banakakoa izango da, 16. etapan, Passy eta Combloux artean, eta 22,4 kilometro izango ditu. Mendateak, ordea, asko izango dira; Pirinioetan, Erdialdeko Mendigunean, Alpeetan eta Vosgeetan ibiliko da lasterketa. Loze mendatea izango da altuena, 17. etapan, 2.304 metro dituela, eta maila bereziko beste bost mendate igoko dituzte ziklistek: Soudet (5. etapan), Tourmalet mitikoa (6. etapan), Puy de Dome (9. etapan), Grand-Colombier (13. etapan) eta, 14. etapan, Joux Plane.

Albisteak (17)