3. etapa
Jasper Philipsen garaile Baionan, aurtengo Tourreko lehen esprint handian
EITB MEDIA
Bigarren Phil Bauhaus izan da, eta hirugarren Caleb Ewan. Adam Yatesek sailkapen nagusiaren buruan jarraitzen du, hirugarren egunez jarraian.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Alpecin-Deceuninck taldeko Jasper Philipsen txirrindulari belgikarrak irabazi du 2023ko Frantziako Tourraren hirugarren etapa, astelehenean, Baionan. 110. Frantziako Tourraren lehen esprint handia izan da Lapurdiko hiriburuan, eta, bertan, Philipsen izan da azkarrena, Bahrain-Victoriouseko Phil Bauhaus alemaniarraren eta Lotto Dstny taldeko Ewan Caleb australiarraren aurretik. Sailkapen nagusian, Adam Yates UAE Emirateseko ziklista britainiarrak jarraitzen du, beste egun batez, lider, eta ez da aldaketa nabarmenik izan lehen postuetan.
Philipsenek, 25 urtekoa bera, hiru etapa garaipen ditu, dagoeneko, Frantziako Tourrean, eta argi nagusitu da orain. Hori bai, minutu batzuk eman behar izan ditu zain, helmugaratu eta gero, garaipena erabat baieztatuta izan arte. Jazo da belgikarrak, esprintean, eskuinalderako mugimendua egin duela, eta bidea itxi egin diola Jumbo-Vismako Wout van Aerti; ez zirudien gertaturikoak zalantza handiak izateko modukoa zenik, eta, berez, Van Aertek ez du protesta edo haserre keinurik egin, behintzat berehalakoan; baina, azkenean, ziurgabetasuneko une batzuk izan dira, Philipsen podiumera igo baino lehen.
Oro har, esprinta gauzatuta, esan daiteke egunak hainbat txirrindularik aurreikusten zuten gidoiari jarraitu diola. Etapan ez zegoen horrela amaitzeko oztopo handirik, bereziki aurreko bi egunekin alderatuz gero, eta pentsatzeko modukoa zen gizon azkarren taldeek ahalegina egingo zutela esprint handia izan zedin. Hala joan da jardunaldia, eta Jasper Philipsen gailendu da, aurkariei aurrea hartuta.
Powless eta Pichon, eguneko ihesaldian
Zaleek, beste behin ere, giro ikusgarria sortu dute egun osoan, lasterketak zeharkatu dituen Bizkaiko, Gipuzkoako eta Lapurdiko udalerri guztietan. Baina etapak, halaber, beste bi protagonista nagusi izan ditu, tarte erabakigarria hasi aurretik: EF Education taldeko Neilson Powless estatubatuarra, mendiko sailkapeneko liderra bera, eta Arkea Samsic taldeko Laurent Pichon bretoia. Biek ala biek jardunaldiko lehenengo kilometroan ihes egin dute, eta Donostiaraino elkarrekin izan dira; Gipuzkoako hiriburuan, baina, Pichon bakarka geratu da, lasterketa buruan. Tropelak, azkenean, helmugarako 40 kilometro baino gutxiago geratzen zirela harrapatu du Arkeako txirrindularia.
Tropelak une oro izan ditu kontrolpean iheslariak, baina biek ala biek jaso dute saria, egindako lanaren trukean, bereziki Powlessek; izan ere, aurrenekoa izan da Trabakuan, Merelludin, Itziarren eta Orioko Bentan, alegia, eguneko lau mendateetan, eta, hortaz, zazpi puntu beraganatu ditu mendiko sailkapenean duen lehen postua sendotzeko. Pichonek, ordea, Debako esprint berezia irabazi du. Ikustekoa izan da nola ospatu duen Powlessek, mendate bakoitzean, aurreneko tokia poltsikoratuta zuela; ematen du EF Education taldeko txirrindularia indartsu dabilela Tourraren hasieran, eta, halaber, gustura izan dela Euskal Herriko etapetan.
Esprint handia
Tropelak bat egin ostean, ez da ihesaldiko beste ahaleginik izan, azken kilometroetan. Emozioa Baionarako zegoen gordeta, txirrindulariak esprinta prestatzen ari baitziren, eta hainbat hautagai zeudelako garaipena eskuratzeko. Astana taldeko Mark Cavendishek lehen abagunea zuen Eddy Merckxekin duen berdinketa desegin eta Tourrean erdietsitako etapa garaipenen errekorra hausteko, baina britainiarrak seigarren egin du helmugan, ezin izan du gorago joan; asteartean, Nogaron, baliteke beste aukera bat izatea, kontuan izanik laugarren etapan ere ez litzatekeela ustekaberik izango tropela batera helmugaratzea.
Oraingoz, Euskal Herriko "Grand Depart" izenekoa amaitu egin da. Ikuskizun bikaina izan da, ahaztezina horretaz gozatu ahal izan duten milaka eta milaka zaleentzat. Asteazkenean hasiko da Pirinioetako lehia, eta sailkapen nagusirako lehia, UAEko Tadej Pogacar eta Jumbo-Vismako Jonas Vingegaard faborito nagusiak izanik, baliteke bataren ala bestearen alde argitzen hastea bertan.
Etapako salkapena
1 - PHILIPSEN Jasper (Alpecin) 4:43:15
2 - BAUHAUS Phil (Bahrain) d.b.
3 - EWAN Caleb (Lotto) d.b.
4 - JAKOBSEN Fabio (Soudal) d.b.
5 - VAN AERT Wout (Jumbo) d.b.
6 - CAVENDISH Mark (Astana) d.b.
7 - MEEUS Jordi (BORA) d.b.
8 - GROENEWEGEN Dylan (Jayco) d.b.
9 - PEDERSEN Mads (Lidl) d.b.
10 - COQUARD Bryan (Cofidis) d.b.
Sailkapen nagusia
1 - YATES Adam (UAE) 13:52:33
2 - POGACAR Tadej (UAE) +0:06
3 - YATES Simon (Jayco) d.b.
4 - LAFAY Victor (Cofidis) +0:12
5 - VAN AERT Wout (Jumbo) +0:16
6 - VINGEGAARD Jonas (Jumbo) +0:17
7 - WOODS Michael (Israel) +0:22
8 - HINDLEY Jai (BORA) d.b.
9 - RODRIGUEZ Carlos (INEOS) d.b.
10 - SKJELMOSE Mattias (Lidl) d.b.
11 - LANDA Mikel (Bahrain) d.b.
17 - BILBAO Pello (Bahrain) +0:43